Eduardo Chocano, Poca Tripa txaranga, Kanu Ortega eta Josetxo Guiu, eta Joaquin Izagirre. Inauterizaleen zerrenda amaigabean, gizonezko horien umore eta gogoak izan du, gaurdaino, Ostegun Gizeneko omenalditxo hori jasotzeko ohorea. Astebete eskas barru, ordea, beste izen bat gehituko zaio zerrendari: Gure Kaiolako 'mutikoena'.
1962. urtean hasita, urtero, etenik gabe prestatu izan dituzte hamaika ideia eta mozorro, xehetasun txikienetan sartuta, gainera. Inork gutxik izango du marka hori parekatzeko aukerarik, 54 inauteriren motxilan umore eta kemen asko sartzen baita; eta nekea ere bai, noski.
Gure Kaiolako kuadrila honek neketik baino gehiago du, ordea, barrea eragiteko gogotik, eta hori izan da, hain zuzen, Kabi Alai elkarteak saria eurei eskaintzeko arrazoia. Asko dira lagun talde honek prestatutako mozorro eta karroza gogoangarriak, eta horien artean dira, esaterako, zentsura garaian –inauteriak Fiestas de Primavera zirenean– plazaratutako Festival del Oria (1963), Mary Poppins (1966), Edurnezuri eta zazpi ipotxak (1972), Cabaret (1973), My Fair Lady (1978), Punky-ak (1985) nahiz Geishak (1986).
Urteen poderioz inauteriak bizitzeko modua ere aldatu dutela aitortu dute, baina, hasieran bezala, orain ere, ingurukoei barrea eragiteak marrazten ditu beren irribarreak.
Otsailaren 4an jasoko dute errekonozimendu berezia, Ostegun Gizenarekin bat eginez. TOLOSALDEKO ATARIAk, ordea, ostiral honetan argitaratuko du kuadrilako Javi Larraza, Angel Berzosa eta Mitxel Peralesi egindako erreportajea. Elkarrizketa bideoan ikusteko aukera ere izango da, gainera, TOLOSALDEKO ATARIAren eta 28 Kanalaren arteko elkarlanaren eskutik.