Ezpala Gaztetxea

Ezpalaren aldarria osoko bilkurara zabaldu dute

Tolosaldeko Ataria 2016ko urtarrilaren 27a

Elkarretaratzera deitu zuten atzo iluntzean, Plaza Zaharrean; Olatz Peon alkatearen marrazkiari tartak bota zizkioten, eta pleno aretora sartu ziren, gero, beren asmoekin jarraituko dutela iragarriz.

Tolosako Gazte Asanbladak aurrera darrai, azken asteotako marko polemikoaren sokan, gaztetxe baten beharra nabarmenduz. Horrela, hilabeteko azken astearteko osoko bilkuraren hitzordua baliatuz, mobilizaziora deitu zuten, atzo iluntzean.

19:30ean elkarretaratzea egin zuten Plaza Zaharrean, larunbat honetarako manifestaziora deituz. Hitzorduaren aurretik, ordea, Olatz Peon Tolosako alkatearen marrazki bati tartak bota zizkioten, plazan elkartutako zenbait gaztek.

Azkenik, Ezpala gaztetxearen aldeko aldarriak pleno aretoraino eramanez, bilkura hasi bezian pronto egin zuten esku hartzea; urtarrilaren 16ko gertakarien irudiak erakutsiz, Ezpalaren aldeko mezu bat irakurri zieten udalbatzako kideek: "Jakinarazi nahi dugu, gazteok aurrera jarraituko dugula, eta kalean nahi bagaituzue, kalean ikusiko dugu elkar".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!