Horma baten kontra

M.Iraola 2016ko urtarrilaren 25a

Argazkiak: Goiena

Nahi eta ezin. Irabazteko merituak egin arren, Tolosak 2-1 galdu du Aloña Mendiren aurka. Galdu arren, sailkapenaren lehen postuan jarraitzen du bost puntuko aldearekin.

Azkoagain aipatu, eta askori burura datorkien lehen gauza zera da: "zelai gogorra". Justo Lillok ere, pasa den astean, ohartarazi zuen Oñatin "sufritzea" egokitzen zela. Eta sufritu, sufritu zuten; baina merezitako saririk gabe itzuli ziren, esku-hutsik.

Hasieran txukun aritu ziren urdinak, aukera garbiegirik sortu gabe, baina baloia mugituz pixkanaka Aloña Mendiren area ingurura heltzen. Baina oñatiarrek partida serioa jokatu zuten, defentsan bereziki. Baloia tolosarrei utzi, eta atzean tarterik ez zuten utzi. Horma baten aurka ari zen etengabean Tolosa.

Markagailuko berdintasuna 35. minutuan puskatu zuen etxeko taldeak. Jokaldi nahasi batean penalti garbia egin zuten tolosarrek, eta Ugartek aukera baliatu zuen lehen gola egiteko.

Bigarren zatia ere lehenengoaren parekoa izan zen. Tolosak zeraman jokoaren pisua, eta Aloña Mendik defentsa sendoa egin kontraerasora mugatzen zuen bere jokoa. Arrisku askorik gabeko jokaldi batean lortu zuten debagoiendarrek bigarrena. Kexu da Lillo: "Faltaz sartu zuten gola, baina ez zen faltarik egon. Marrazaina bera ere txundituta geratu zen epailearen erabakiarekin".

Gola eta polemika

Geratzen ziren 20 minutuetan hiruko defentsarekin aritu zen Tolosa, erasoan jokalari gehiago pilatuz. Hainbat aukeraren ondoren, 88. minutuan gola lortu zuen Fuentesek. Azken minutuetan, urduritasuna izan zen nagusi, baita polemika ere. 

Izan ere, Tolosak bi penalti eskatu zituen luzapenean. Lilloren ustez biak ala biak, argiak. "Partida amaitzean ez nengoen haserre, baina egunak pasa ahala, lapurtu egin zidatenaren sentsazioa dut. Bigarren goleko falta, bi penaltiak...". Horma bat gutxi ez, eta biren kontra jo behar.

Polemikak alde batera utzita, sentsazio gazi gozoa geratu zaio prestatzaile tolosarrari: "Irabaztea merezi genuela uste dut. Baina tira, horrela da futbola. Uste dut bide onetik goazela. Taldeak bere lana ongi egin zuen", dio.

Arerioek ere ezin izan zuten irabazi, beraz, gaitzerdi. Hemendik aurrera ere, horma askoren gainetik pasatzea egokituko zaio Tolosari. "Sufritu gabe, ez da saririk" dio Lillok.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!