Santa Lutzia eta Uzturre arteko ibilbidea ezagutarazteko

Ataria 2016ko urt. 25a, 17:22

Uzturre mendia, Santa LUtzia auzotik.

Bost panel eta mahai panoramiko bat jarri dira ibilbidean, eta Tolosako Udalak eskuorria banatuko du azalpenekin

Uzturrera igotzeko bide erabiliena Izaskungo bidea da, baina badira beste bide batzuk ikuspegi zoragarria eskaintzeaz gain bitxikeria interesgarriak gordetzen dituztenak, Santa Lutziatik Uzturrera doan bideak esaterako.

Tolosako Udalak ibilbide hau ezagutarazteko eskuorri bat banatuko du. Eskuorri honetan ibilbide honi buruzko informazioa emateaz gain Uzturrera gaur egun erabilienak diren beste bideekin konbinazioak egiteko gonbidapena luzatzen du. Horrez gain, gaur egun Tolosan dauden ibilbide labur homologatuei buruzko informazioa ere azaltzen da.

Eskuorri hauek udaleko harreran, kultur etxean, turismo bulegoan, Usabal polikiroldegian eta mendi elkarteen egoitzetan eskuratu ahal izango dira.

Eskuorri honen protagonistak, ibilbideko paneletan bezala, mende hasieran (1904. urtean zehazki) Miserikordia etxean bizi izan ziren bi umezurtz izango dira. Urte horretako erroldaren arabera Rufinak sei urte zituen eta Estanisek hiru. Bikote horrek egingo ditu ibilbidearen gidaritza lanak.

Uzturrera igotzeko Santa Lutziatik irtetzen bagara, Miserikordia Zaharreko lursailetatik pasako gara. Gaur egun lursail honen jabegoa publikoa da eta Tolosako Udalak, Naturtzaindia elkartearekin batera, ekosistema naturala berreskuratzeko eta balioan jartzeko jarduera desberdinak egin ditu. Ibilbide honetan, bost panel eta mahai panoramiko bat jarri dira, eremu honetan aurkitu ditzakegun «altxor» guztiak herritarren esku jartzeko.

Kontuan hartu behar da ibilbide horretan Miserikordia Zaharreko aztarnak aurkituko direla, eraikin horrek gordeta duen historiaren erakusgarri. Tolosako Dorrea edo Telegrafo Dorrea ere ezagutu ahal izango du ibiltariak, eta bere funtzioa zehazki zein zen jakin. Bestalde, ibilbidean Uzturreko mendilerroa eta Tolosa beraren jatorri geologikoa ezagutzeko begiraleku aproposak daude, eta hori dela eta, ibilbidearen puntu batean geologiari buruzko panel bat ere jarri da eta mahai panoramiko bat ere bai.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!