Min guztiak sendatuta

M.Iraola 2016ko urtarrilaren 25a

89-65 irabazi du TAKEk La Flecharen aurka. Konfiantza berreskuratzeko balio izan du garaipenak.

Min eman zuen pasa den asteko Santanderreko porrotak. Porrotak baino gehiago, akaso, emandako itxura kaxkarrak. Horretan da Yon Gonzalez.

Porrot mingarriak sortutako amorruagatik-edo, kontzentratuta eta gogoz irten zen TAKE larunbatean jendez gainezka zegoen Usabalgo kantxara. Aurreko astekoa ahaztu eta aurrera egiteko prest.

Eta astebete lehenago etxetik kanpo bizitakoaren zantzurik ez zen izan. Sentsazio onak berreskuratu eta garaipen sendoa lortu zuen talde tolosarrak.

Defentsan nahiz erasoan bikain aritu ziren Gonzalezenak. Hori erakusten duten bi datu argigarri: alde batetik, hiruko marratik egindako saskiraketa kopurua. 24tik 15. Lan horretan azpimarratzekoak izan ziren Goar Artetxe (8/12) eta Lander Lasa (5/5).

Bestalde, asistentzia kopurua: Neurketa batean 8-10 egiten ditu bataz-beste. Larunbatean 20 egin zituen TAKEk. "Horrek demostratzen du baloia ongi mugitu genuela, eta beti norbait topatzen genuela bakarrik jaurtitzeko moduan" dio Gonzalezek.

Partida ona jokatu arren, atsedenaldira hiru puntuko aldearekin soilik iritsi ziren. "Ordura arte aurkariek ez ziruditen azken sailkatuak" aitortu du entrenatzaileak. Hirugarren laurdena, berriz, borobila izan zen. 20 puntuko tartea ireki zuen TAKEk, eta hura mantendu zuen amaierara arte.

Gonzalezen esanetan, "pisu bat" kendu dute gainetik. Baina lesionatutako jokalari guztiak berreskuratuta, eta Santanderreko porrota ahaztuta, min guztiak ere sendatu ditu TAKEk.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!