Gero eta liderrago

M.Iraola 2016ko urtarrilaren 25a

Tolosa eta Pulporen arteko partidako irudi bat, pasa den urtean

Aise irabazi dio Tolosa Eskubaloiak azken sailkatuari: 29-17. Gainera, tartea zabaldu du sailkapenean.

Distantzia. Asteburua laburbiltzen duen hitza. Esanahia, ordea, anitza:

Alde batetik, larunbatean argi eta garbi geratu zen Tolosaren eta Zumaiako Pulporen artean dagoen aldea une honetan. Tolosarrak sailkapeneko lehen tokian; gorritxoak, berriz, azken lekuan. Partida tarte horren erakusle izan zen. Hasieratik bukaerara nagusi izan zen Tolosa, eta ezer gutxi egin ahal izan zuten zumaiarrek. Iñigo Arratibel (6) eta Iker Ortiz (5) izan ziren goleatzaile nagusiak.

Bestalde, arerioekiko distantzia. Hau ere, gero eta handiagoa. Gero eta liderrago da Tolosa. Trapagaran bigarren sailkatuak Anaitasuna hirugarrenaren etxean galdu zuen, eta Eibarrek berdindu egin zuen Errenterian. Gauzak honela, lau puntuko aldea ateratzen dio Trapagarani, eta bost Anaitasuna eta Uharteri.

Datorren larunbatean, Alex Noguesen taldeak Barakaldon jokatuko du. Jarrai dezala festak!

Aurkari zuzenaren aurka, kale

Bigarren taldeak, berriz, 34-28 galdu zuen Ordiziaren aurka, sailkapenaren beheko postuak ekiditeko arerio zuzenetako baten kontra. Etxeko taldea izan zen nagusi neurketa osoan zehar. Dena den, lasaitasuna ematen dien tartea dute tolosarrek beren alde. Larunbatean Usabalen jokatuko dute Urdulizen aurka.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!