"Dena ez baduzu ematen egurra jaso dezakezu"

Asier Imaz 2016ko urt. 21a, 10:46

Argazkian, Estanis Arsuaga

Tolosa Eskubaloia sailkapen nagusiaren lehen postuan dago, lehen itzulia amaitu ondoren; helburua gero eta hurbilago dago. Bigarren itzulia gogorra izango dela dio Estanis Arsuaga kapitainak. Hala eta guztiz ere, igoera fasera joateko borroka egingo dute.

Zein da lehen itzuliaren balantzea?
Sailkapenean lehenengo gaude, baina hala eta guztiz ere itzuli gogorra izan da. 13 partida irabazi ditugu, bat galdu eta beste bat berdindu. Galdu genuena gol askogatik. Topera ez baldin bazara ateratzen, partidak galtzeko eta egurra jasotzeko aukera dagoela ikusi dugu.


Ondo hasi zineten. Gero bi partida ezin irabazi gelditu zineten, aurkari zuzenen aurka. Ondoren berriz bolada ona iritsi da.
Goran egongo diren taldeen aurka tartean jokatzea tokatu zitzaigun. Eibar, Anaitasuna, Huarte... horien aurka zailagoa da. Huarteren aurka galdu egin genuen, eta hurrengo partida, Anaitasunarekin berdindu. Beste partida batzuk egon dira kaxkarrak, baina irabaztea lortu dugunak. Partida onak ere jokatu ditugu.


Bigarrenari bi puntu ateratzen dizkiozue, baina hirugarrena bost puntura duzue.
Trapagaran doa bigarren. Liga hasi aurretik lau izen entzuten ziren. Trapagaran horietako bat zen. Barakaldok maila galdu zuen iaz, eta horko jokalari batzuk Trapaganera joan ziren. Huarte izan da ezustekoa. Eibar, aldiz, ez zen hain ongi hasi, eta gero dena irabazi du, Huarte eta Anaitasunari azken jardunaldietan. Hirugarren daude bost puntura. Bigarren itzuli ere oso gogorra izango da. Puntu tarte hori ongi etorriko zaigu, beraiek presio gehiago izango baitute. Partidaren bat galtzen baldin badute tartea handiagoa izan daiteke. Gure kasuan, lasaitasun hori badugu; bat galdu arren, hor jarraituko baikenuen.


Zenbat taldek jokatzen dute igoera fasea?
Lehen bi postuetan amaitzen dutenek. Igoera fasea estatu osoko hamabi talderen artean jokatzen da. Oso zaila da. Hamabi horietatik hiru taldek bakarrik lortuko dute igoera. Orain gure mailan sei liga jokatzen dira estatu osoan. Hurrengo kategorian Espainia osoan liga bakarra dago.


Futbolarekin alderatuta, orain Bigarren B Mailan zaudete, beraz.
Eta igotzen dena Bigarren Mailan egongo litzateke; Asobal Liga baino maila bat beherago. Gure mailako hainbat taldek inbertsio handia egin dute, eta jokalari batzuk dirua kobratzen dutela ere entzun dugu. Fase horretara iristen bagara, jende oso onaren aurka jokatuko genduke.


Iaz Eibarrek eta Anaitasunak jokatu zuten fase hori. Zer moduz ibili ziren?
Ez dakit partida bakar bat ere irabazi zutenik. Azken postuetan gelditu ziren.  


Hala eta guztiz ere, polita izango da horra iristea?
Oso. Madrilen edo ez dakit non jokatzea tokatuko zitzaigun. Jendea ari zaigu fasera joan ezkero, gurekin bidaiatuko zutela esanaz. Oraindik urruti dago, ordea. Eta tartean inauteriak... Esan ohi da Tolosako taldeek bera egiten dutela inauterien ondoren. Ea ez den horrelakorik gertatzen.  


Iazkoa baino talde osoagoa ematen du aurtengoak, sendoagoa.
Iaz etorri ziren batzuk joan egin ziren, eta beste batzuk hemen geratu dira; gustura. Jendea hobeto ezagutzen dute. Maila handiko jokalariren bat ere etorri da aurten, eta horrez gain, jubenilak ere indartsu iritsi dira: Uranga, Ziganda... Esan daiteke, bai, aurtengo taldea zentzu batean osoagoa dela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!