Haurren alaitasun hori ikustea polita izaten delako, igandean Ero Etxe Elkartearen krosa

Asier Imaz 2016ko urt. 20a, 10:10
Argazkian, iazko Ero Etxe Krosaren irteera, haurrak korrika hasteko prest direla

XIX. Ero Etxe Elkartearen krosa igandean izango da. 700 haur inguru espero dituzte irteera puntuan. Urrian hasi ziren prestaketa lanekin, eta egunean bertan lan egitea tokatuko zaie, baina Aitor Saezek dion bezala, «gozatu egiten dugu; umeen alaitasun hori ikustea polita izaten da denontzat».

[Ikusi 2015. urteko edizioko argazki galeria]

Saez Ero Etxe Elkarteko kidea da, eta aste honetan, krosa atontzen ari dira, azken gauzak lotuz: «Eguraldiari begira ere bagaude. Esaten dutenez hotz egingo du, baina ez du euririk egingo. Guretzat hori da garrantzitsuena. Hotza egiten baldin badu arropa gehiagorekin ateratzen zara. Ura baldin badago, ordea, haurrak busti eta blai jartzen dira. Ez da hain ikusgarria izaten».

Aurtengo edizioa prest egoteko Ero Etxekoak urrian jarri ziren lanean. Hainbat bazkide elkartu eta gauzak zehazten hasten direla dio Aitor Saezek: «Gauzak mugitzen hasten gara, babesleak izan edo beste lanak izan. Gero bi astez behin edo astero elkartzen gara; bost bazkide inguru. Bakoitzak bere ardurak edo lanak hartzen ditu, eta badaki zer egin behar duen. Ondoren denok elkartu eta lotu egiten ditugu». Egunean bertan, aldiz, 80 lagun ibiltzen dira lanean; elkarteko bazkide eta euren ingurukoak. Guztien beharra izaten dute, izan ere, lasterketa arrakastatsua da Ero Etxe Elkarteak antolatzen duena; tradizio handikoa. «Iaz 700 haur inguruk hartu zuten parte. Aurten ere antzeko zenbakiak espero ditugu», dio Saezek.


Azken hilabete hauetan buruan gauza mordoa izaten dute antolatzaileek, baina egunean bertan ardurak ez dira txikitzen. Hala eta guztiz ere, haurrak formal ibiltzen direla onartu du tolosarrak: «Irteeran urduritasun punttu batekin egoten dira, baina gurekin oso ondo portatzen dira».


Tradizio handiko krosa
Urteroko ibilbidea izango du Ero Etxe Elkartearen Krosak. Irteera eta helmuga San Frantzisko pasealekuan egongo dira, pilotalekuaren aurrean. Bi itzuli dauda: motza eta luzea. Eta adinaren arabera, korrikalari txikiek bata edo bestea egin beharko dute.


Guztira hiru mailatan irtengo dira korrikalariak, eta lehen hirurek domina eta txapela bezalako sariak jasoko dituzte. Hala eta guztiz ere, helmugara iristea lortzen duten guztiek izango dute oroigarria.
Ohiturari jarraituz, aurten ere eskualdeko ikastetxe guztiak egongo dira ordezkaturik Tolosan. Lanketa hori nola egiten duten azaldu du Aitor Saez tolosarrak: «Gimnasiako arduradunekin elkartzen gara, eta bakoitzari bere dortsalak ematen dizkiogu. Udaletxearen bidez beraiek deitzen digute eurekin elkartzeko. Erraztasun handia ematen digute, eta hor nabaritzen da 29 urte dituen lasterketa bat dela. Gu euren atzetik ibili beharrean, lanketa bat egina dago, eta guztiz eskertzekoa da».


Adin horietako haurrekin lanean ibiltzea, gainera, berezia izaten da; umeek transmititzen duten alaitasunagatik. Eta lanketa hori modu berezian egiten dutenez Ero Etxekoek, «eskola mailan», eskertzeko arrazoiak pilatu egiten dira krosaren antolatzaileentzat.


Azkenik, Ero Etxetik parte hartzaileak animatzearekin batera, krosa ikustera gerturatzeko ere eskatu dute; lasterketari jai giroa gehitzeko asmoz. Hitzordua jarria dago: igandea, 11:30etik aurrera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!