Unerik gozoenean

M.Iraola 2016ko urt. 19a, 10:20

Tolosa Eskubaloiak lider jarraitzen du Usurbili 23-37 irabazi eta gero.

"Unerik gozoenean gaude. Garaipenak pilatzen ari gara eta ongi jokatzen ari gara". Pozik da Alex Nogues, Tolosa Eskubaloiko entrenatzailea, lehen itzulia amaituta.

15 partidetatik 13 irabazita, sailkapenaren lehen lekuan jarraitzen dute tolosarrek. Kostata lortu zuten bertan jartzea, baina jardunaldia joan, jardunaldia etorri, momentuz ez dago inor mugituko duenik. Uhartek sekulako beherakada izan du azken asteotan, eta Trapagaran da talde urdinaren indarrari eusten dion bakarra. Bizkaitarrak bi puntura daude sailkapenean. Bost puntura daude beste hiru talde.

Larunbatean, Usurbilen eman zuen Tolosak azken aurrerapausoa. Partida borrokatua izango zela aurreikusten bazuten arren, urdinei uste baino errazagoa izan zitzaien gailentzea. Partida goitik behera kontrolpean izan zuen, eta ez zuen erritmoa jaitsi minutu bakar batean ere.

Segituan zabaldu zuen tartea Tolosak, eta ezer gutxi egin ahal izan zuen etxeko taldeak. Azkenean 23-37, Iñigo Arratibel, Ioritz Goikoetxea, Aitor Diaz de Cerio eta Iker Ortiz, seina gol sartuta.

Larunbatean, bigarren itzuliko lehen neurketa jokatuko du azken sailkatuaren aurka, Zumaiako Pulporen kontra, Usabalen. 16:30ean hasiko da partida.

Garaipen garrantzitsua bigarren taldearentzat

Bigarren taldeak urrezko garaipena lortu zuen, maila mantentzeko borrokari begira. Hasieratik aurretik izan ziren, eta azkenean 30-27 irabazi zioten Ereintzari. Eneko Cigandak 10 gol sartu zituen. Sei puntuko tartea du orain, jaitsiera postuekiko.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!