Badatoz Inauteriak 2016!

Ostiralera aurreratu dute zezen plazako palkoen zozketa

Tolosaldeko Ataria 2016ko urtarrilaren 19a

Ostegun gizenean, Zaldunitan, Astelenitan eta Asteartitan beharko dira sarrerak, zezen plazara sartzeko.

Izen-ematea zabalik da, ostegunera bitarte, kultur etxean.

Datorren urtarrilaren 29an egitekoak ziren arren, azkenean, ostiral honetan bertan izango da inauterietako zezen festak palkoetatik jarraitu ahal izateko zozketa, 19:00etan, kultur etxeko areto nagusian. Hori dela eta, izena emateko epea ere zabalik da jada, kultur etxean, 10:00etatik 13:00era eta 16:00etatik 20:00etara.

Gogoratzekoa da, zozketan parte hartu ahal izateko, 12 pertsonako taldea osatzea ezinbestekoa dela; horien guztien izen-abizenak eta NAN zenbakia ere zehaztu beharko dira izena ematerakoan, gainera. Datuen orria, kultur etxean eskuratzeaz gain, www.tolosa.eus/inauteriak ataritik ere jaitsi daiteke.

Azkenik, aipatzekoa da izen berak ezin izango duela zerrenda batean baino gehiagotan azaldu; hala gertatuko balitz, zuzenean zozketatik kanpo geratuko litzateke pertsona horren taldea.

Gainerako sarreran salmenta aurreikusi bezala gauzatuko dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!