Egeoko uretan bizitzak salbatzeko, Leidor aterpe

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko urt. 15a, 11:44

‘Salba ditzagun bizitzak’ emanaldia antolatu dute biharko, eskualdeko hainbat eragilerekin

Euskal Herriko kostaldean urteak zeramatzaten, boluntario gisa, sorosle eta patroi lanetan. Nazioarteko albisteen jarioak, ordea, Grezia aldera bideratu zien begirada, eta Salvamento Marítimo Humanitario Gobernuz Kanpoko Erakundea sortzea erabaki zuten, Zarautzen, bizitzak salbatzeko asmoz. 
 
Egeo itsasoa zeharkatzen ari diren errefuxiatuak dira beren jomuga, eta Greziako Lesbos irlara iristea, berriz, presazko eginbeharra. Horretarako, ordea, tresneria eta baliabide jakin batzuk behar dituzte, eta erakundea bilketa lanetan ari da, laguntza ekonomikoaren bitartez. 
 
Itsasoko tragediei lehorretik ere lagun dakieke, eta horretara dator, hain zuzen, Tolosako Leidor aretoan biharko egin duten hitzordua. 
 
Salba ditzagun bizitzak izenburupean, eskualdeko nahiz kanpoko kultur eragileek bat egingo dute oholtzan, eta ikuskizun solidarioa eskainiko diete bertaratuei. 
 
17:00etan hasita, Odei Esnaola eta Julen Telleria ariko dira aurkezle lanetan, Iker Laurobak, Udaberri dantza taldeak, Amets Arzallusek, Oihana Iguaranek, Jexuxmari Irazuk, Alurr dantza taldeak, Xabier Saldiasek eta Oinkari dantza taldeak eskainiko dutenari bide ematen. 
 
Lanik garrantzitsuena, ordea, herritarrek egin beharko dute, Gobernuz Kanpoko Erakundea diruz laguntzeko sarrera erosiz. 10 euroren truke, Leidor aretoko leihatilan, Richard argazki dendan eta Orbela tabernan eskuratu ahal izango dira. 
 
Aipatzekoa da, gainera, bihar goizeko azokan ere postutxoa jarriko dutela, kalean, Salvamento Marítimo Humanitario taldearen inguruko informazioa eskainiz. 
 
Horrela, beraz, postuan bertan nahiz emanaldiaren ondoren erakundean parte hartu nahi dutenek ere aukera izango dute horretarako, arduradunekin harremanetan jarriz. 
 
Salvamento Marítimo Humanitario erakundearen inguruko informazio osoa eskura daiteke http://salvamentomaritimohumanitario.org atarian eta, gune berean, gainera, erakundea diruz laguntzeko kontu korronte zenbaki bat ere bada: Euskadiko Kutxa(IBAN): ES92 3035 0235 22 2350038982.
 
Kontakturako, berriz, 666 345 427 telefono zenbakia nahiz smhumanitario@gmail.com helbide elektronikoa erabil daitezke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!