Ezpala Gaztetxea

TGAk udal gobernuari leporatu dio Ezpala hustu izana

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko urtarrilaren 14a

'Ezpala Aurrera' zioten kartelak baliatu dituzte agerraldian.

Simaur poltsak utzi dituzte udaletxe sarreran, eta eztabaida piztu da herritar eta udaltzain baten artean; gazte asanbladak deituta, manifestazioa izango da, larunbatean, 17:00etan.

Atzo goizaldeko gertakariak salatu eta Ezpala gaztetxearen hustea beren ahotik kontatzeko, agerraldia eskaini dute, Tolosako Gazte Asanbladako kideek, udaletxeko arkupeetan.

Azaldu dutenez, goizaldean sumatu zuten Ertzaintza eraikinaren ingurumarietan zebilela, eta haien asmoak zelatatu zituzten, ezkutuan: "Erresistentzia txanda egiten ari ziren gazteetako batzuek, ezkutuko irteera bat hartu, eta kanpotik ikusi zituzten beren mugimenduak". 

Behin agenteekin hitz egin eta lantegi zaharra husteko asmoa zutela jakinarazi zietenean, asanbladako kideek epaiaren agindua eskatu zietela diote: "Hauxe izan zen erantzuna: 'Vosotros tampoco pedisteis permiso para entrar'".

Horren harira, Tolosako Gazte Asanbladako kideek "bidegabekeriatzat" jo dute duela hiru aste okupaturiko eraikina hustuarazi izana: "Ertzainen jarrera oldarkorra azpimarratu nahi dugu, irainak, builak, mehatxuak eta kolpeak jasan behar izan baikenituen, identifikazio eta miatze bortitzekin batera".

Simaurra udaletxe atarian

Ezpala izendaturiko eraikina okupatu aurretik, gazte asanblada "udalarekin harremanetan" egon dela azaldu dute agerraldiko hizlariek: "Bertan, argi eta garbi geratu da beren jarrera, eta guretzako leku aproposik ez dagoela esan izan digute, gazteon arazoei heltzeko asmorik ez dutela argi utziz".

Bide horretan, gobernuaren "aldebakartasuna" gaitzetsiz, gaztetxea husteko erabakia "hartua" zutela nabarmendu dute, EAJko udal gobernua "gazteen beharrei bizkarra emanda" bizi dela salatuz: "Nola da posible, bestela, prozesu judizial batean udalak esku hartzea?", galdetu dute. 

Gazteriaren aldeko oihuz amaitu dute prentsaurrekoa, eta, jarraian, aurpegia estalita zeramaten hiru gaztek simaur poltsak hustu dituzte udaletxeko sarreran, eta korrika alde egin. Udaltzain batek, ordea, gazteetako bat eustea lortu du, honek ihes egitea lortu duen arren. Eztabaida beroa sortu da agentearen eta agerraldia babestera bertaratu den gizonezko baten artean, eta udaltzainak "gaztea identifikatu soilik" egin nahi zuela azpimarratu dio herritarrari.

Ezpala hustu izana salatzeko manifestazioa 17:00etan abiatuko da, larunbatean, Trianguloa plazatik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!