«Lehen itzulia ona izan da, baina oraindik erdia falta da»

Asier Imaz 2016ko urt. 14a, 12:27

Denboraldi bikaina egiten ari da Tolosa CF taldea. Gorka Blanco anoetarra da taldeko kapitaina, eta orain artekoaz gain, hemendik aurrerakoaz hitz egin du.

Lehen itzuli bikaina.
Orain arteko balantzea oso positiboa da. Maila ezagutzen dugu, eta badakigu ez dela erraza. Hamabi partida irabazi ditugu, bi berdindu eta hiru bakarrik galdu ditugu. Puntu asko atera ditugula ikusten da hor, beraz, balantzea ona da. Aurreko urteetako esperientziak kontuan edukita, hain ondo ez gara aspaldi joan. Moralez ere ondo gaude, eta baita jokoz ere.

Anaitasuna bigarrenari lau puntu; Ostadar hirugarrenari sei. Bigarren itzuliaren amaieran polita litzateke antzeko zenbakiak izatea.
Oraintxe sinatuko genuke. Eta lau puntu beharrean bakarra baldin bada ere gustura, edo zero puntuko aldea eta gol diferentzia gure alde. Kontua da, lehen itzuli ona egin arren, horrek ez duela esan nahi bigarrengoa horrelakoa izango denik. Gurea egitera joan behar dugu, eta badakigu azken urteetan lehen itzulian aurrean ibili denak gero bolada txar bat izan duela eta azkenean bigarren edo hirugarren amaitu duela. Jarraitu egin behar dugu; oraindik erdia falta da.

Entrenatzaile berriarekin hasi zenuten denboraldia. Eragina izan al du? Zer aldatu da iaztik hona?
Pertsona aldaketa bat egon da, eta nire ustez lan egiteko modua ere bai. Ez dakit hori izango den edo... Iaz nire ustez duela bi urteko denboraldi luzeak eragina izan zuen. Egon ginen moduan egon ginen, eta denboraldi hori pasata, orain indar gehiagorekin hasi garela uste dut. Iaz lehen itzulia amaitu zenean, lehen postutik 10 bat puntura ginen. Aurten beste aldean gaude. Taldea egina dago, hiru bat urte daramatzagu elkarrekin jokatzen, eta gero emaitzek ematen dizuten konfiantza dago. Irabazten hasten zarenean hor egoten zara, eta sinistu egiten duzu.

Etxetik kanpo bai nabaritzen dela aldea. Iaz kosta egiten zitzaizuen, aurten ez, emaitzak errazago iristen dira.
Orain kanpoan eta etxean antzeko zenbakiak dauzkagu. Bi galdu ditugu kanpoan, eta etxean bat, berdinketak... antzera gaude. Etxean nahiz kanpoan jokatu, ez dugu aldatzen jokatzeko modua, eta horrez gain, aurten dena aurpegiz datorkigu. Iaz agian irabaziko ez genituen partidak, aurten irabazi egiten ditugu.

Indartsu hasi zenuten denboraldia. Agian kezka bakarra hori izan daiteke, amaierara nola iritsiko zareten?
Azkenean faktore asko daude futbolean. Bai fisikoa, bai lesioak,... Azkenean ikusiko da noraino iristea daukagun. Gu normaltasunez ibiliko gara, eta hor ibiliko garela uste dut amaieran ere.

Joko aldetik, ikuskizuna eskaintzen ari zarete, eta horrek harmailetan eragina dauka?
Jende gehiago dagoela garbi ikusten da. Jokoak eragina dauka, baina batez ere lehen postuan joateak. Joko berdina egin eta zazpigarren joango bagina, ez zen horrenbeste jende gerturatuko. Azkenean inertzia da. Taldea ondo dagoenean, harmailetan jende gehiago egoten da.

Maila pertsonalean, zer moduzko denboraldia doa?
Goian zaudenean, dena positiboago ikusten duzu. Dinamika onean zaudenean gauza ez hain onak ere beste modu batean ikusten dituzu. Taldeko giroa ona da, eta gustura gaude. Adibide bat jartzeko, neguan entrenatzera joatea gogorragoa izaten da, berez, baina hor goran egonda, beste modu batekin joaten zara; alaiago.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!