Badatoz Inauteriak 2016!

Inauterietarako 12 trafiko laguntzaile kontratatuko ditu Tolosako Udalak

Tolosaldeko Ataria 2016ko urtarrilaren 14a

Irudian, Tolosako zezen plaza, Ostegun Gizenean.

Zaldunita egunetik Asteartitara bitarte lan egin beharko dute, eta eskaerak aurkezteko epea hilaren 26an itxiko dute.

Jende gehien biltzen duten egunetan trafikoa kudeatzeko errefortzua osatuko dute 12 langileek, eta oinarriak plazaratu ditu udalak.

Batetik 16 urteak beteta izatea ezinbestekoa izango da eta, era berean, eskola graduatua, lehen mailako Lanbide Heziketa ziurtagiria edo baliokideren bat izan beharko da, gutxienez. Eginbeharrak behar bezala betetzeko gaixotasun edo ezintasun fisikoak ere traba izango dira lanpostuak eskuratzeko eta, azkenik, euskararen erabilera zuzena beharko dute, bete-beharrak eskatzen duen mailan.

Aipatzekoa da, udaleko euskara zerbitzuko teknikariek probatxoa egingo dietela hautagaiei, euskara maila ziurtatzeko, datorren urtarrilaren 28an; azterketa horrek ez du balio ofizialik izango, eta lanpostua eskuratzeko bidea baino ez da izango. Dena den, hautagaiek bigarren hizkuntza eskakizuna edo goragokoren bat baldin badute, ez dute azterketa egin beharrik izango.

Irizpide horiez gain, epaimahaiak kontuan hartuko du hautagaiak, aurrez, lanpostuarekin lotura duten jardunetan aritu izana eta larrialdi eta babes zibilean eskarmentua izatea.

Urtarrilaren 26an itxiko dute izen-emate epea, 13:00ean, eta, ordura arte, www.tolosa.eus edo udaletxeko erregistroan eskuratu ahal izango dira oinarri zehatzak eta izen-emate dokumentua.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!