Josu Gomez: «Ibilketaren mundua zaila bezain elitista da»

Iosu Iturrioz 2016ko urt. 13a, 13:41

Esne Beltza musika taldearen abestiak dioen moduan, 'Ibilian ibilian' iritsi da Josu Gomez egun ibilketaren podioko lehen postura. Ohikoa ez den bide batetik iritsi da ordea, ikerketaren ibilbidetik, hain zuzen ere.

Ibilketak «maitemindua» du Josu Gomez. Hala deskribatu du kirol horrekiko sentitzen duena. Oso presente dago bere egunerokotasunean. Nazioarteko ibiltarien determinatzaile fisiologikoak eta biomekanikoak doktorego tesia ekainerako amaitzea espero du Tolosako gazteak. Ikerketa horren bitartez, «ibiltari idiliko batek» izan beharreko ezaugarrien bilaketa lanean ari da. Ingelesez egiten ari den tesiak nazioartean eragitea du helburu. Mundu mailan aski ezagunak diren hainbat ibiltari aztertzen ari da: Ángel López —espainiarra—, Amanda Cano —espainiarra—, Jared Tallent —australiarra—, María Larios —espainiarra— eta Ysuke Suzuki —japoniarra—, besteak beste.

Lehena zara mundu mailan halako ikerketa bat egiten duena. Nola iritsi zara horraino?
Hamabost urterekin hasi nintzen ibilketan. Urtez urte entrenatuz maila on bat lortu nuen, eta hemezortzi urterekin jauzia eman nahi izan nuen. Hautu bat izan zen. Asko entrenatzen hasi nintzen eta bat batean lesionatu egin nintzen —bi hanketan Akilesen tendinitisa izan nuen—. Bi urtez lehiaketa zein entrenamenduetatik kanpo utzi ninduen lesioak. Epe luze hori pasa ostean, berriz ere lehiatzen hasteko helburuarekin gogor ekin nion prestatzeari. Ez nintzen, ordea, betiko Josu. Lesioa izan aurreko kirol helburuetara iristea ezinezkoa izango zela ohartu nintzen. Egoera horren aurrean ez nekien zer egin. Betidanik izan nuen nire buruan galdera hau: «Zer egin hobeagoa izateko?». Galdera horri heltzea erabaki nuen, eta nire buruan zentratu beharrean, gainerakoak hobetzeko lanean hasi nintzen. Ikerketaren alorrari buru-belarri heldu nion, hortaz. Azken batean, atleta bezala nire helburua goi errendimendura iristea zen, baina, lesioa bitarteko, ez zen posible izan eta ikerketaren bidetik atletei lagunduz goi errendimendura iristea erabaki nuen. Lan asko eginez, egun nagoen tokira iritsi naiz.

Bidea ez zen erraza izango, ezta?
Zortea izan dut. Hasieratik, bai Espainiako selekzioan bai eta mundu mailan ditudan kontaktuak kontuan izanda, proiektu handi bat egiteko osagai guztiak izan ditut eskura. Cristina Granados eta Jordan Santos-Concejero tesiko zuzendarien laguntza ezinbestekoa izan da. Azken honek aurrez eginiko ikerketa batek inspirazio gisa ere balio izan dit. Lau urtez Hego Afrikan bizi izan zen eta egiten ari naizen ikerketaren antzerako lan bat egin zuen bertan. Jordanek dakien guztiaz baliatuz eta Bilboko Euskal Herriko Unibertsitatean ditugun instalazioak kontuan izanda, kirolariekin kontaktuan jartzen hasi ginen. Jendearen erantzuna ikusirik, proiektuari gogor eta ilusioz heldu genion.

Zertan datza doktorego tesia? Zein ekarpen egin nahi diozu ibilketaren munduari?
Bai fisiologikoki eta bai biomekanikoki kirol horri dagokion guztia aztertzen ari gara. Punta-puntako ibiltari batek eduki behar dituen ezaugarri guztiak aurkeztu nahi ditugu tesian; besteak beste, praktikatzeko teknikarik egokiena, eliteko ibiltariek izan beharreko balore fisiologiko minimoak... Nolabait esatearren, ibiltari idiliko bat irudikatu nahi dugu.

Ibilketaren munduan aitzindaria den ikerketa izango da, ezta?
Ibilketaren munduan ez ezik kirol munduan ere aitzindari izango da ikerketa. Orain arte, halako analisi fisiologiko osatu bat ez da inoiz uztartu hiru dimentsiotako analisi biomekaniko batekin.

Hori guztia aztertzeko tesia nolabait txikiegia gelditu zaigula jabetu gara. Gutxienez bi urteko proiektu bat beharko genuke guztia aztertzeko.

Bide horri heltzeko asmorik ba al duzu?
Bai, zalantzarik gabe. Abenduaren erdialdean egindako azterketekin —Espainiako atletei eginiko hiru dimentsiotako azterketak— tesiaren datu bilketa fasea bukatutzat eman dezakegu. Maiatzean beste hainbat herrialdeetako atletekin elkartu eta proiektua osatuko dugu. Proiektuko zuzendariekin erabakitzen ari naiz, ea ekainean tesia aurkeztu hala pixka bat gehiago itxaron eta beranduago mila orriko super-tesi bat aurkeztu. Ekainean aurkeztuz gero, behin doktore izanda proiektuarekin jarraituko genuke. Bata ala bestea egin, bide horretan aztertzen jarraituko dut, seguru.

Zein neurketa metodo eta tresna erabili dituzue tesirako?
Besteak beste, Vicon sistema —hainbat bideo jokotan erabili ohi da—. Sistema horren bitartez hiru dimentsioetan hainbat atleten mugimenduren analisia egiten dugu. Kirolariari 50 adierazgailu jartzen dizkiogu gorputz guztian barrena, eta, ondoren, hamar kameren bitartez beraien mugimenduak aztertzen ditugu. Grabaketa horiek erreproduzitzean mota guztietako kalkuluak —anguluak, luzerak...— ateratzen ditugu. Vicon sistema, gainera, elektromiografiarekin koordinatzen dugu. Kirolariei gorputzeko muskuluetan hainbat partxe ezartzen dizkiegu. Era horretan, muskuluak indarra zein momentutan egiten duen ikus daiteke.

Orain arte egindakoak kontuan izanda, ondoriorik aurreratu dezakezu?
Ondorio ikaragarri ditugu dagoeneko. Atleta bakoitzeko, gutxi gorabehera, Excell ordenagailu programan 1.300.000 datu atera ditugu. Berau, aztertuko ditugun 40 atletekin biderkatuz gero, ia 50.000.000 datu ditugu aztertzeko. Horiek guztiak banan-banan sakonki aztertu behar ditugu, eta, egia esan, une honetan informazio gehiegi dut ondorio garbirik ateratzeko [barreak].

Japoniako, Australiako, Espainiako, Kanadako, Ingalaterrako eta Italiako ibiltariek hartu dute parte ikerketan. Tartean ezagun asko. Nola iritsi zara beraiengana eta nola antolatu zarete?
Olinpiar urtea aprobetxatu dugu. Galiziako Coruña hirian 2016ko Rio de Janeiroko Olinpiar Jokoetarako azkeneko proba puntuagarria izango da maiatzaren amaieran. Nazioarteko ibiltari guztiek hartuko dute parte proba horretan eta egun horiek aprobetxatuko ditugu azterketak egiteko. Sei herrialde horietako selekzionatzaileekin harremanetan jarri gara eta euren taldeetako atletek ikerketan parte hartuko dutela esan digute.

Halako ikerketa batean lortu beharreko finantzazioak paper handia jokatzen du. Zein diru iturri dituzue?
Bai, noski. Proiektu potoloa da eta ekonomikoki jaso dugun laguntza beharrezkoa da. Espainiako Atletismo Federazioa, Euskal Herriko Unibertsitatea eta Eusko Jaurlaritza izan ditugu diru iturri nagusi.

Ikerketa duzu erdigunean baina entrenatzaile ere bazara. Garai batean zure 'entrenatzaile' izan zen Mikel Odriozola ibiltaria entrenatzen duzu, ezta?
Urtez urte maila hobeagoa nuen eta Tolosan ibilketa modalitatean behar bezala entrenatzeko aukerarik ez nuenez, Donostiara joatea proposatu zidan Mikel Odriozolak. Bertan, bost urte inguru egin nituen, Mikel entrenatzaile nuela. Egun postuak trukatu ditugu. Ni naiz bere entrenatzailea. Hasieran arraroa egin zitzaidan, hainbeste urteetan nire entrenatzailea izandakoaren entrenatzaile izaten. Baina, ohartzerako, ohitu egin naiz. Mikelek berak proposatu zidan ea bere entrenatzaile izan nahi nuen. Baiezkoa eman nion, eta oso gustura nago. Horrez gain, Etiopiako txirrindularitza selekzioarekin ere banabil lanean.

Zerk bultzatu zaitu ibilketan hain inplikatuta egotera?
Umea nintzenean, futbolean eta korrika aritzen nintzen. Ibiltari guztiak bezala hasi nintzela esango nuke. Infantila nintzela pertsona bat behar zuten ibilketan aritzeko eta ni neu jarri ninduten probatzeko. Ondo ematen zitzaidala zirudien eta asko entrenatuz ibiltari izatera iritsi nintzen. Egia esan diziplina berezia da. Mugimendu berezi horrek eta daukan berezitasunak ni maitemindua nauka.

Modu batera edo bestera oso murgilduta zaude ibilketaren zein atletismo munduan. Etorkizunera begira zer asmo dituzu?
Lehenik eta behin tesia bukatzea dut helburu. Bidea luzea da oraindik, bildutako datu guztiak aztertu behar baititugu. Horretarako, Hego Afrikara noa urtarrilean hilabeterako. Bertako unibertsitate batekin harremanetan jarri naiz eta beraien laguntzarekin datu guztiak aztertuko ditut.

Behin doktore izanda, ikerketa munduan lanean jarraitzea gustatuko litzaidake. Bestalde, selekzio eta kirolariekin goi errendimenduan ikasitako guztia praktikan jarri nahiko nuke: aholkulari moduan, entrenatzaile gisa, hitzaldiak emanez... Horren harira, ekainaren 20an Austrian Europako Zientzia Kongresuan hitzaldi bat emateko gonbita jaso dugu. Mundu honetan murgilduta jarraitzea gustatuko litzaidake. Kontziente naiz, mundu oso zaila eta elitista dela, baina, saiatu saiatuko naiz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!