Larunbatean hasiko dira estropadak

Asier Imaz 2016ko urt. 13a, 12:04

Tolosaldeko Arraun Klubak 104 arraunlarirekin ekin dio denboraldiari. Igandean egin zuten aurkezpen ekitaldia, Zerkausi azpian.

11-17 urte bitarteko gaztetxoekin egiten dute lan TAK-ekoek, gehienbat, baina 18 urtetik gorako 25 senior ere klubean dira. Entrenatzaile, zuzendaritzako kide eta abarren multzoan, hamabost lagun dabiltza.

Arraunaz gain, piragua atala ere lantzen dute TAK-en. Beste egitasmo bat Oztoporik gabeko arrauna da; ezinduentzat zuzendua. Duela hiru urte martxan abiatutako egitasmo horrekin jarraituko du aurten ere Tolosaldeko Arraun Klubak, besteak beste, Gurutze Gorria, Uzturre Zentroa, Gurea, eta ONCErekin elkarlanean.

Kirol arloari begira, Gipuzkoako Batel Liga larunbat honetan hasiko da Pasaian, eta TAK-eko 14 batel egongo dira bertan. Martxora bitarteko iraupena izango du ligak, eta iazkoa errepika ez dadin, estropada gehienak Pasaian jokatuko dira. Iazko denboraldi hasieran estropada ugari bertan behera utzi ziren, itsasoaren egoeragatik. Klubeko arduradunen esanetan, aurten izen ematean %20ko gorakada izan dute. Helburuak berdina izaten jarraitzen du: «Gaztetxo guzti horiek arraunean jartzea; A taldean, B taldean edo behar baldin bada D taldea aterata. Baina guztiek arraun egitea nahi dugu».

TAK-etik beste klubetara 25 arraunlari joan dira aurtengoan, eta arduradunak gustura daude horrekin, «harrobi garrantzitsua garela agerian geratu baita beste behin ere».

Aipatu bi helburu horiekin batera, aurtengo denboraldian bada hirugarren bat ere, eta horrek izena dauka: Ibiur. Oria ibaia txiki geratu zaie, eta muga horiek gainditze aldera, Baliarraingo urtegiaren gaia mahai gainean jarri nahi dute TAK-ekoek. «Zumaiarekin gertatu denak, adibidez, gauza bat uzten du agerian, eskualde osoarekin lan egiten duen arraun klub honek azpiegitura handiagoa behar duela, eta bateletatik traineruetara jauzi egiteko aukera ere aztertu beharko litzatekeela».

Orain arte 69 bandera lortu ditu TAK-ek azken urteetan, eta bateletan. Banderak irabazten jarraitu nahi dute, baina ikuspegi zabalarekin aurrera jarraitu nahi dute. Berriro ere Ibiur izena ateratzen da. Pausoz pauso joateko gaia dela onartzen dute.

Talde guztien argazkiak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!