Auzoa sortu zuten haiei

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko urt. 13a, 11:50

1973an Amarotz auzoa sortu zutenen erretratuak egin ditu Antton Mujikak, omenaldi gisa; Javi Marquezen argazkiek biribiltzen dute erakusketa berezia

Atzera egin behar da, 42 urte, Amarotz auzoaren sorreraraino iristeko. 1973an, hainbat familia batu zituen gogo eta behar berak, eta beren eskuekin ekin zioten, auzolanean, ingurunea txukundu eta bizileku atsegin bat eraikitzeari.

Oroimen horren harira, eta iaz auzoak jasandako berrikuntzak direla eta, Antton Mujikari eta Javi Marquezi 1970ko hamarkadan lanean aritu ziren haiei omenalditxo bat egitea bururatu zitzaien, beste hainbat auzotarrekin batera. Urtebetez lanean jardun ondoren, beren proiektuak hartu du gorputza, eta herritarrei besoak zabalik da.


Antton Mujikak bere eskulana eskaini dio omenaldi xumeari: «Auzolan hartan aritu zirenen erretratuak marraztu ditut, orduko argazkiak-eta oinarri hartuta», dio Mujikak. Azaldu duenez, urtebeteko lana izan da irudi horiek guztiak osatzea, baina pozik da emaitzarekin, eta baita erakusketarekin ere.

Izan ere, bere erretratuek izan zezaketen lagunik onena dute alboan, egitasmoa osatzeko: Amaroz auzoko historia biltzen duten argazki bilduma. Javi Marquezen argazki kamerak hamaika momentu izoztu izan ditu, hamarkadatan, eta horietako hainbat aukeratu ditu, proiektore baten bitartez, auzotarrei erakusteko.

Bizileku xume bat sortzen hasi ziren haiek omentzearekin batera, horrela, pixkana-pixkana auzoari bizia eman diotenen momentu eta oroitzapenen ikusmina sortu dute Amarotzen.

Hilaren 20ra bitarte zabalik izango da erakusketa, astelehenetik ostiralera, 18:30etik 20:30era, eta asteburuetan, berriz, 12:00etatik 13:30era bitarte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!