Presioa kenduta

M.Iraola 2016ko urtarrilaren 12a

Argazkia: Karkara

TAKEk 62-45 irabazi du Zarautzen aurkako gipuzkoar derbian eta agur esan dio bolada txarrari.

Egoera txarrean egon gabe ere, arnasa eman dio Zarautzen aurkako garaipenak TAKEri. Lasaitasunarekin hitz egin du Yon Gonzalezek: "Egoera ez zen batere txarra, baina abenduko zubia eta Gabonetako oporrak tarteko, azarotik irabazi gabe geunden, eta garaipena lortzeko estutzen hasiak ginen".

Nolakotasunak berdin zuen, eta horregatik garrantzia kendu nahi dio prestatzaileak egindako jokoari: "Defentsan oso ondo aritu ginen, baina orokorrean partida nahiko kaxkarra izan zen. Dena den, pozik nago taldeak lortutakoarekin".

Geldoa izan zen neurketa, Zarautzek horrela planteatu eta gero. Atsedenaldira arte tarte txikiak zabaldu ziren markagailuan, tolosarren alde, baina hirugarrenean puskatu zuten partida, bizpahiru aldiz 10 puntuko aldea izan eta guztiz erabakita uztea ez lortu eta gero. Lasaitasunez igaro zen azken laurdena, 62-45era iritsi arte.

Garaipenaz gain, larunbatekoak beste albiste on bat ere utzi zuen: Jon Azaldegiren itzulera kantxara. Min hartuta egon ostean, minutu ugari jokatu zituen. Aipatzekoa, gainera, joko antolatzaile lanak egin behar izan zituela, Telmo eta Arregiren bajak medio.

Datorren larunbatean, Estela boteretsuaren aurka jokatuko dute tolosarrek Santanderren. Izan daitezela albisteak, larunbatekoak eta pasa den urtekoak bezain onak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!