Burua altxatzeko unea

M.Iraola 2016ko urt. 11a, 18:30

Tolosak azken minutuan jaso du lehen porrota Berazubin. Ondo jokatu arren 3-4 galdu du Real Unionen aurka. 

Modu krudelenean iritsi zen Tolosaren lehen porrota etxean: merezi gabe eta azken minutuan. Porrotak, dena den, ezin du lehen itzulian egindakoa estali.

Ikusleentzat partida gustagarria izan zen larunbatekoa. Bi talde on, nor baino nor gehiago. Gol asko, eta ikuskizun ona. Baina beste arratsalde askotan ez bezala, ordea, emaitza ez zen aldekoa izan. Eta hori garaipena eskuartean izan zuela Tolosak.

0-1 hasi zen galtzen talde urdina. Rodrik jokaldi trabatu batean aurreratu zituen irundarrak 15. minutuan. Segidan Jon Gomezek zelaia utzi behar izan zuen, min hartuta. Bereziartua irten zen beraren ordez, eta partida bizitu zen. Bizitasun horretan Zabaletan lortu zuen berdinketaren gola 27. minutuan, eta bi beranduago, markagailua irauli zuen Blancok. Atsedenaldiaren aurretik Bereziartuak 3-1ekoa lortu zuen.

Baina Lillok ohartarazi zuen pasa den astean Real Union talde indartsua zela, eta irundarrek potentzial hori erakutsi zuten bigarren zatian.

Hasi eta berehala faltaz aldea murriztea lortu zuen. Haize fuerteak akaso eragina izan zuen. Hurrengo jokaldian, gakoetako bat: Berezik laugarrena sartu eta neurketa erabakita uzteko aukera izan zuen, baina bere errematea langa gainetik joan zen.

Partida orekatu egin zen, eta 74 minutuan kontraeraso batean hankamotz harrapatu zituzten tolosarrak eta Rodrik berdinketa lortu zuen. "Sekulako jokalaria da. 15 urtez azpiko selekzioan entrenatu nuen, eta orduan ere oso jokalari ona zen" dio Lillok.

Tolosak, ordea, behera erori beharrean, lanean jarraitu zuen. Azken minutuetan berea izan zen kontrola, baita aukerak ere, baina ezin asmatu ate aurrean. Ordua eskatzen zebilen Real Union, baina korner bat ateratzea lortu zuen azken minutuan eta gola.

"Hemen ere haizeak agian bere eragina izan zuen, baloia airean zela 'hilda' geratu baitzen. Dena den ez da aitzakia, oso talde sendoa baitira. Unerik txarrenean egokitu zaigu beraien aurka jokatzea. Lehen itzulian 33 gol sartu dituzte, horietatik 17 azken lau partidetan, beraz pentsa" laburbiltzen du Lillok itxaropentsu.

Izan ere, pasa den asteko kronikak Tolosa sasoiko zegoela zihoen. Eta sasoiko izaten jarraitzen du. Burua altxa besterik ez da egin behar. Lilloren ondorioa garbia da: "Lehen itzulia sekulakoa izan da. Lan asko geratzen zaigu oraindik, atzetik talde ugari daudelako. Baina argi dut orain arte jokatzen badugu, bide horretan jarraituko dugula, nahiz eta horrenbeste puntu lortzea oso zaila izango den". Morala, behintzat, ez dezala haizeak eraman.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!