1968ra egin behar da atzera, Tolosako Aiz Orratz elkarteak inauterietako haur jaialdia lehenengoz antolatu zuenekora itzultzeko. 48 urteotan, huts egin ezinezko hitzordua izan da festa, belaunaldien errenkadan iristen joan diren inauterizaleentzat, baina iritsi da ikuskizunari zenbait berrikuntza txertatzeko garaia.
Batetik, Aiz Orratz elkartearen webgunea aurkezteko baliatu dute agerraldia: www.aizorratz-veleta.com helbidean eskuragarri izango da, laster. Inauterietako haur jaialdiak urtetan emandako irudiekin batera, elkarteak inauterietan ateratako ehunka argazki bildu nahi izan dituzte atariaren gerizpean: "Ondare historikotzat dugu dokumentazio hori guztia, eta jendeak ikusteko moduan zintzilikatu nahi genituen nonbait", azaldu du Mikel Iraola elkarteko kideak. Horrela, jaialdiko, danborradako nahiz txarangako irudiekin hasitakoa, Aiz Orratz elkarteko kirol jardueretako argazkiekin osatzeko asmoa dute, aurrera begira.
Eta, hain zuzen, argazkiak eta teknologia berriak uztartzetik iritsiko da elkarteak 2016ko inauterietarako prestaturiko bigarren nobedadea. Haur jaialdian urtero antolatzen duten mozorro lehiaketari hegalak eman nahian, parte hartzaileek norbere etxetik mozorroaren argazkia bidaltzeko aukera izango dute, helbide elektroniko bidez: "Orain arte, jaialdia baino pare bat ordu lehenago, parte hartzaileek epaimahaiaren aurrera joan behar izaten zuten, mozorrotuta. Bertan argazkiak ateratzen zizkieten, eta epaileek ondoren erdiesten zuten erabakia. Baina parte hartzea sustatu nahi dugu, eta jendearen erosotasunari begira hartu dugu erabakia", azaldu du Iraolak.
Aipatzekoa da jada zabalik dela lehiaketan parte hartzeko epea, urtarrilaren 24ra bitarte. Horretarako, gainera, bi bide eskaini ditu Aiz Orratzek: Whatsapp bidez irudiak bidaltzeko aukera izango da, batetik, 688 85 40 76 telefono zenbakira eta, bestetik, haurjaialdia@gmail.com helbide elektronikoan ere jasoko dituzte mozorro eta mozorrotuen argazkiak.
Parte hartzeko modua aldatu duten heinean, botoa emateko bideak ere eraberrituta datoz 2016ko inauterietara: "Argazkiak jaso ahala, egunez egun igoko ditugu gure Facebook orrialdera –Aiz Orratz Veleta Haur Jaialdia–, eta jendeak bere botoa eman ahal izango du, sare sozialeko atsegiteen bitartez. Horrekin batera, webgunean ere ikusgai izango dira parte hartzaileen argazkiak, eta Facebook-ik ez dutenek helbide elektroniko bidez ere eman ahal izango dute beren iritzia".
Baina, azken epaia emateko, herritarren irudipenari batuko diote adituen irizpidea ere. Horrela, originaltasuna, landutakoa izatea eta mozorroa daraman pertsonaren grazia izango dira azpimarratzeko puntuak.
Egitasmoa teknologia berrien adarretatik zabaltzearekin batera, Tolosa & Co merkatari elkarteak ere estreinakoz bere alea jarriko du Aiz Orratzen jaialdian, eta sariak banatuko dizkiete mozorro nahiz urteroko marrazki lehiaketako irabazleei. Halaber, Olga Artola ordezkariak azaldu duen moduan, "boto emaileen artean ere opariak zozkatuko ditugu".
Arratsalde goiztiarretik, eguerdiko epelera
Beotibar pilotalekuak ia 3.000 pertsona elkartzen zitueneko irudiak dira, Aiz Orratz elkartearen haur jaialdiak zuen harrera beroaren lekuko. Azken urteotan, ordea, arrakasta hori gainbehera joan dela azaldu dute elkarteko kideek, oraindik ere Leidorreko eserleku asko betetzen badituzte ere.
Horregatik, besteak beste, festa eraberritzearekin batera, ordutegia ere moldatzea erabaki dute, arratsaldetik eguerdira. "Lehen, 16:00ak aldera izaten zen, eta ondoren kaldereroen konpartsan parte hartzeko denboraz justu ibiltzen zen jendea", diote elkarteko kideek. Beraz, datorren urtarrilaren 30ean, 12:30ean jarri dute hitzordua, Leidor aretoan: "Kalejiran abiatuko gara, Alde Zaharretik, txaranga nahiz buruhandi eta erraldoiekin batera eta, behin ekitaldia hasita, urteroko esketxak, eta haur nahiz helduentzako jokoak izango dira ikusgai, Don Martin eta Txirri, Mirri eta Txiribiton pertsonaiekin batera".
Inauterien ataria girotzeko haur jaialdia ikusi nahi dutenek, bezperan izango dute, lehen aukera, sarrerak eskuratzeko: euro baten truke, 18:00etatik aurrera eskuragarri izango dira Leidorreko leihatilan. Bestela, egunean bertan, urtarrilaren 30ean, 11:00etatik aurrera ere izango da aukera.
Azkenik, urteko festarik zoroenetan murgiltzeko 24 egun baino geratzen ez direla, Aiz Orratz elkarteak gogora ekarri nahi izan du, txutxu trena martxan jarriko dutela, berriro ere, Zaldunita bezperan: "11:00etatik aurrera Lapurdi plaza izango da geltokia, eta Oria kaleraino doako joan-etorriak egin ahal izango dituzte haur eta gurasoek". Bide beretik, urteroko danborrada ia bideratuta dute, eta eguraldiak aurten irribarre egitea besterik ez dute desio.