24,5 milioi euroko «trantsizio aurrekontua», urte berrirako

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko urt. 7a, 10:51

Bidebieta auzoko irisgarritasun arazoak konpontzen jarraituko dute aurten.

Gizarte politikei bultzada eman nahi diete, eta Bidebieta auzoa ere lehentasun izango da aurten

Abenduko azken astearteak hartu zuen, hasi berri den urterako udalak esku artean izango duen aurrekontua erabakitzeko osoko bilkura. 24,5 milioi eurokoa izango da, eta EAJko bederatzi zinegotziez gain, PSE-EEk ere aldeko botoa eman zuen; EH Bilduk gaitzetsi egin du gobernuaren kudeaketa proposamena.

Jeltzaleek maiatzeko hauteskunde kanpainan zehazturiko helburuei helduz osatu dute 2016rako bide orria, Olatz Peon alkateak bilkuran azaldu zuenez. Horrela, onartu berri diren aurrekontuak «trantsizio aurrekontutzat» jo ditu udal gobernuak: «Izan ere, legealdi hasieran, udalean ez dugu landutako proiektu berririk topatu; 2016a proiektu berriak garatzeko urtea izango da».

Puntu hori bera izan da, ordea, udalbatzako beste bi alderdi politikoetako ordezkariek gehien kritikatu dutena: inbertsioena. EH Bilduk, bere aldetik, agerraldi baten bidez egin zuen aurrekontuen inguruko balorazioa eta, plenoan ere berretsi zuten, besteak beste, «urtetan Tolosako Udalak izan dituen aurrekontu triste eta grisenak» direla beren ustez, «proiekturik eta anbiziorik gabeak». Bide beretik, PSE-EEko Jose Ignacio Asensiok EAJren proposameneko «ahuleziatzat» jo zuen inbertsioena, aldeko botoa eman zuen arren.

Iritziak iritzi, datozen hamabi hilabeteetan Tolosak badu gidalerro bat, eta baita bi ardatz nagusi ere, alkateak nabarmendu zuenez: «Ekonomia eta enpleguaren sustatzea, batetik, eta gizarte politika, bestetik, horiek dira aurrekontuaren zutabe nagusiak».

Asmo horri tiraz, gizarte politiken sailera bideratuko dute diru poltsarik handiena, modu horretan, etxez etxeko laguntza, ABEGIri laguntza, gizarte larrialdietako laguntza nahiz Iurreamendi egoitzako inbertsioak sustatuz. Halaber, EAJren udal gobernuak Tolosako pobrezia eta baztertze sozialaren diagnosia martxan jarriko du, «benetako errealitatea ezagutu eta baliabideak egoki erabiltzeko».

Lan merkatua eragin nahian

Herriko —eta, horrekin batera, eskualdeko— egoera sozioekonomikoari txinparta ateratzea da udal gobernuaren nahia, eta gogo horretatik abiatuta, tarte zabala eskainiko diote ekonomiari, 2016rako aurrekontuetan.

Abenduko osoko bilkuran urriko langabezia datuak emanez ireki zuten atal horri dagokion tartea: «Tolosaldeko langabezia %13,6koa da, eta 2012ko tasa berean gaude gaur egun; Gipuzkoako datuen pare». Azaldu zutenez, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin nahiz SPRIrekin harremanetan jarri dira jada, enpresekin zuzeneko harremanak ahalbidetuko dituen zerbitzu bat abiarazteko: leihatila bakarra ezarri nahi dute udaletxean, prozedurak errazteko.

Epe ertain nahiz luzera begira, berriz, Lanbide Heziketa Institutuak enpresekin duen harreman zuzena «indartu» nahi dute: «Elkarlana sendotu behar da, etorkizunean enpresen beharrak, gazteen prestakuntza nahiz lana bermatzeko».

Horrez gain, ekonomiari bultzada bat emateko jomugen artean, honakoak daude, besteak beste: udaleko Merkataritza sail berria; azokak indartzeko, Zizka-mizka gunearen antzeko egitasmoak; turismoari begira, ostatu bat egiteko proiektu berria lantzea; landa eremuan dauden beharrak lantzea edo Santza Luziako lursailean negutegia jartzea. Aipatzekoa da, gainera, bost peoi kontratatu dituztela, urte osoan aurreikusitako obrak aurrera eramateko.

Auzoak eta zorrak

24,5 milioi euroko aurrekontutik partida nabarmenenak gizarte zerbitzuetara nahiz ekonomia sustatzera bideratuko badituzte ere, zenbait azpiegitura sortu nahiz eraberritzeko proposamenak bildu dituzte aurrekontuan.

Modu horretan, Bidebieta auzoa «lehentasunezko eremua» izango da Olatz Peon eta bere udal taldearentzat. Bertan, iaz ekindako parte hartze prozesua birbildu eta irisgarritasun arazoak konpontzea da gobernuaren nahia, eta baita Igeralde kaleko igoera zabaltzea ere, ibilgailuek eta oinezkoek nahikoa leku izan dezaten. Bidebietarekin batera, gainera, aldameneko Izaskun auzoan ere irisgarritasun baldintzan hobetu nahi dituzte.

Asmo horiek gauzatzen hasteko baldintza bakarra jarri du EAJko udal gobernuak: proiektu zirriborroa bizilagunekin elkarlanean osatzea. Behin hori itxita, Bidebieta auzoa txukuntzeko 800.000 euro bideratuko ditu Tolosako Udalak.

Azpiegiturekin jarraituz, 2016. urtea Ferialekuko sabaia konpontzeko baliatu nahi du udalak, itoginak direla eta. Era berean, Berazubiko auzotarrentzat lokalak egokitzea nahiz alokairua sustatzea ere helburuen zerrendan txertatu dituzte.

Tolosako Hirigintza Plan Orokorraren berrikusteari «bultzada ematea» ere EAJren agendan da. Gogora ekartzekoa da, auzi hori gobernuaren eta oposizioaren arteko desadostasunen iturri izan dela, azken hilabeteotan, San Estebango eremuagatik.

Hori paper gainean eraiki beharreko proiektua da oraindik, Usabal kiroldegiko harmailena ez bezala. Kirol sailari dagokion diru poltsatik finantzatuko dute azpiegitura berria, 123.000 eurorekin, eta datorren urtarrilaren 11n ekingo diete lanei. Udalak azaldu duenez, Ur agentziaren txostena iritsi zain izan dira lanean hasteko, eta horregatik luzatu da itxaronaldia. Azpiegitura hiru hilabetean amaitzea aurreikusi dute eta, harmailez gain, komun publikoa ere ezarriko dute.

Azkenik, bi desjabetzeri aurre egiteko ere ahalbidetu dituzte partidak. Santa Luzia auzokoa ordaintzeko 207.000 euro erabiliko dituzte aurten, eta Elosegi parkeko desjabetzearen zorra, berriz, aurten kitatuko du udalak, azken milioi euroa ordainduta.

Polemika ordainsariekin

Udal gobernuak Gardentasun batzorde berria ere hizpide izan zuen plenoan, eta «demagogia» salatu zuten, bi gairi begira. Batetik, aurreko legealdian Jokin Bildarratzen legealdiko «zorraz» izandako ika-mikak «informazioaren manipulaziotzat» jo zituen EAJk eta, era berean, udal ordezkarien soldaten inguruko kritikak ere eraitsi nahi izan zituzten: «Agintaldiko lehenengo plenoan erabaki genuen bezala, gure soldatak aurreko agintaldikoen berberak dira eta, aldatzekotan, Partaidetza eta Gardentasun batzordean eztabaidatu ondoren egin behar da. Beraz, EH Bilduri eta komunikabideei datuak kontrastatzeko eskatzen diegu».

EH Bilduk, ordea, gogor salatu zuen ordainsarien partidaren auzia: «Aurrekontuko partida guztiak mantendu edo jaitsi egin dira, baina salbuespena goi karguen soldatena da; aurreikusi dute, jada, beren ordainsariak %45 igotzea».

Uemari begira, PSE-EE bakarrik

Udalbatzako bi alderdi nagusien arteko desadostasunekin batera, asmo bateratuak ere bildu zituen azken osoko bilkurak, besteak beste, hizkuntza politikari begira: EH Bilduk «zorionak» eman zizkion EAJri, Ueman jarraitzeko erabakiagatik. PSE-EEko Asensiok, ordea, jeltzaleen proiektuko bigarren ahulgunetzat jo zuen erabakia, bere aurkako iritzia azalduz.

Pisu handien hartzen duten esparruak eztabaidagai izan ondoren, aurrekontuko gainerako proiektuak ere aurkeztu zituen EAJk. Horrela, III. Berdintasun plana osatzea, Tolosa futbol taldearen bulego proiektua egitea, Zumardi proiektuari laguntzea nahiz bizikidetzaren inguruko herri egitasmo guztiak babestea zerrendatu zituzten.

Bere aldetik, EH Bilduko udal taldeak zenbait proposamen egin zituen, aurrera begira lantzeko: Udalbiltzari urteroko diru laguntza ematea, «zazpi herrialdeetako udalerrien harremanak saretzen jarraitzeko»; Tolosan emakumeen etxe edo txoko bat sortzea; kultur eragileen diru laguntzak, «gutxienez», mantentzea; merkataritzako Belaunaldi Aldaketa eta Gune Biziak proiektuak indartzea; Zumardi Handia kirolgune bilakatzeko proiektua babestea; Elosegi parkea herritarrei irekitzeko baliabide ekonomikoak jartzea; Nafarroa etorbidea berrurbanizatzea; Gorriti plaza txukuntzea eta egoera txarrean dauden etxebizitzen merkaturatze planekin jarraitzea, besteak beste.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!