EH Bilduren arabera, urtetan Tolosak izan dituen "proiekturik gabekoenak" dira 2016ko aurrekontuak

Ataria 2015ko abe. 28a, 15:23

Tolosako Udalak bihar egingo duen ohiko batzarrean onartuko du 2016ko aurrekontua, eta EH Bilduk balantzea egin du, ikusten dituen gabeziak adieraziz eta proposamenak azalduz. Euren ustez, aurrekontuak proiektu eta ildo nagusiak jaso behar ditu, baina "EAJren gobernuak aurkeztutakoek ez dute ezer jasotzen".

Hala, EH Bilduk dioenez, "urtetan Tolosako Udalak izan dituen aurrekontu triste, gris, proiektu eta anbiziorik gabekoenak dira". Aurrekontuek "aurreikuspenik gabeko kudeaketa" erakusten dute koalizioaren arabera: "Udal gobernuak urtean zehar, suertatzen diren beharren arabera, egingo omen ditu kreditu aldaketak; inprobisazioa erakusten du horrek, eta hori arduragabekeria bat da".

Bestalde, EAJren proposamenean, "martxan zeuden urte anitzeko proiektuak gelditzeaz gain", ez dagoela proposamen berririk kritikatu du Lore Agirre EH Bilduko zinegotziak: "Partida guztiak mantendu edo jaitsi dira, eta salbuespenen artean goi karguen ordainsariak daude; beren soldatak %45 igotzea aurreikusi dute, EH Bilduk udal gobernua hartu eta lehen urteko aurrekontuetan jaitsi zituen proportzio berean".

Horretaz gain, EH Bilduren arabera, "azken urteetako aurrekontu ez parte hartzaileenak" dira bihar onartuko direnak: "Herritarrak aurrekontuetara hurbiltzeko bideak irekiz joan gara, informazioa emanez, ekarpenak jasoz, iaz 200.000 euroko poltsa jarriz, 2016rako areagotzeko konpromisoarekin, eta udal gobernuak orain parte hartzeko ate guztiak itxi ditu; are gehiago, iaz herritarrekin onartutako hainbat proiektu oraindik egin gabe edo zintzilik daude".

Arrazoi horiengatik aurrekontu horiek "inoiz" ez liratekeela EH Bildurenak izango gehitu du Lore Agirrek: "tolosarrei errespetuz ez diegu aldeko bozkarik emango, ez baitie tolosarren beharrei erantzuten". Hala, negoziaketarako aukera eskatu zela ogasun batzordean azaldu du EH Bilduko zinegotziak, eta ezustean jaso dutela aurrekontuak itxita zeudela.

Horren aurrean, "tolosarrek hori eta gehiago merezi dutelako eta aurrekontuak beharretara egokitu behar direlako", aurrekontuak "osatzeko" hainbat proposamen luzatu ditu EH Bilduk:

EAJ zoriondu du Ueman jarraitzeko hartutako erabakiagatik "urtero aurrekontuak lantzean eztabaidagai izaten baita", eta Udalbiltzari urteroko diru ekarpena egin beharko litzaiokeela adierazi du "herrialde guztietako udalerrien artean harremanak sendotuz, nazio eraikuntza bultzatzeko lanetan jarrai dezan".

Emakumeentzako txoko bat izatea ere proposatzen du, "herritarrengandik jasotako ekarpenetan behar hori agerian geratu baita", eta kulturari dagokionean, eragileekin lan egiteko kopurua gutxienez mantentzea eskatzen du EH Bilduk.

Gizarte politiketan, bestalde, landa auzoetara gizarte zerbitzuak hurbiltzea proposatu dute, eta Iurreamendi egoitzara udalak egiten duen ekarpena eraikinak behar dituen inbertsioetara zuzentzea. Merkataritzan, "ekarpenak asko murriztu diren" Belaunaldi Aldaketa eta Gune Biziak proiektuak indartzea eskatzen du EH Bilduk, eta baita, tokiko moneta abiatzea, "merkataritza sustatze aldera".

Zumardi Handian natura eta kirola uztartzen dituen gunea sortzen laguntzeko proiektua eta Elosegi parkean hurrengo faseetarako dirua jartzea herritarrei irekitzeko proposatzen dute. Nafarroa etorbidearen berrurbanizazioa, Gorriti plaza txukuntzea, irisgarritasun eta mantentze planekin eta egoera txarrean dauden etxebizitzen merkaturatze planekin jarraitzea dira, besteak beste, EH Bildutik proposatzen dituzten beste puntuak.

Proposamen horiek kontuan izanez gero, "Tolosaren egoerara eta gure herritarrei begirako aurrekontuak" osatu ahalko direla gehitu du koalizioak. Biharko batzarrean argi du, beraz, EH Bilduk bere bozka: "aurrekontua bere horretan uzten badute ezezkoa izango da, eta proposamen horietakoren bat lantzen badute, berriz, aztertu egingo genuke".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!