Tolosako Merkatu Txikia 20. urteurrenera iritsi da

Imanol Garcia Landa 2015ko abe. 22a, 11:56
Anate Iturralde, Gregorio Eizagirre, Olatz Peon, Kepa Goikoetxea, Maitane Iruin, Xanet Egiguren eta Xabier Aiertza, Merkatu Txikiaren aurkezpenean.

Aurten 20 urte beteko ditu Laskorain Ikastolak antolatzen duen Merkatu Txikiak. "Oso pozik gaude horrelako proiektu batekin 20 urtetan jarraitu dugulako", esan du Kepa Goikoetxea Laskorain Ikastolako zuzendariak.

Ohi moduan, Tolosako kultur etxean egongo da zabalik, abenduaren 26tik urtarrilaren 5era bitartean. Erosteaz gain, bertara eraman daitezke dagoeneko erabili nahi ez diren produktuak. 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara egongo da irekita egunero, urtarrilaren 1a ezik.

Goikoetxeak ekimena nola sortu zen azaldu du: "Laskorain Ikastolak egiten duen lanketa baloreetan, hau da, solidaritatea, laguntza, integrazioa,... praktikara eramatea izan da helburua. Esan ohi dugun moduan, sentitu, pentsatu eta egin. Ulertzen genuen lanketa horren guztiaren ondoren etorri behar zuela ekintza batek. Duela 20 urte ekintza hori Merkatu Txikian bihurtu zen". Orduan martxan jarri zutenen ekintzailetasuna nabarmendu du: "Modu txiki eta xume batean jarri zen martxan, ikusita aurrera eraman genezakeela eta nahi genuela batez ere". Urte guzti hauetan hainbat lelo izan dituzte, beti ere baloreren bat txertatuz.

Bestalde, bigarren eskuko azokaren filosofiaren zabaltzea ere nabarmendu du Goikoetxeak: "Laskorain ikastolak asmoa izan zuen hasieratik azokaren bitartez bigarren eskuko azoka hori sortzea, hau da, produktuak berrerabiltzea, produktuak modu merkeago batean lortzea, trukea bera ere egitea. Birziklatzeko eta kontsumoa ere jaisteko".

Urte guzti hauetan jasotako laguntza eskertu dute proiektua aurrera eramateko. Batetik, Tolosako Udalari, besteak beste, kultur etxea uzteagatik. Bestetik, Tolosako dendariei: bataz beste 130 denda inguruk ematen dizkiete produktuak saldu ahal izateko azokan.

20 urte horietan kalkulatu dute 250.000 euro inguru banatu dituztela beraiekin parte hartu duten hainbat erakundeei: Emaus Fundazioa, Tolosaldea Sahararekin eta Ibarrako Misio Taldea. "Beti erakutsi izan dizkigutelako, hemendik kanpo bai Indian, Saharan edo Hegoameriketan, haurrekin eta gazteekin, hezkuntzarekin eta osasunarekin zerikusia duten proiektuak. Eta ikastetxe bat izanik, babesten hasteko errazena horrelako proiektuak babestea da". Bestetik, eskerrak eman ditu Goikoetxeak urte guzti hauetan Merkatu Txikian parte hartu duten ikasle eta gurasoei, eta urtero 200 inguru aritzen direla nabarmendu du.

Bere aldetik, Olatz Peon alkateak azaldu duenez, "solidaritatea bezalako proiektuak lantzeko urte sasoi guztiak dira onak, baina Merkatu Txikiak badu tradizioa Gabonetan antolatzekoa. Urte sasoi guztian kontzeptu hauek lantzeari buruz zerbait esan dezakete Tolosaldea Sahararekin eta Ibarra Misio Taldeak, urte guztian aritzen direlako".

Udalak, Euskal Fondoaren bitartez, hainbat proiektutan parte hartzen duela ekarri du gogora Peonek.  "Azpimarragarriena da kasu honetan Merkatu Txikiaren eredua: parte hartzen dute ikasleek, irakasleek, merkatariek eta herritarrek erostera joaterakoan. Herriak batu egiten dute helburu on batekin". Eskerrak eman dizkie Peonek Ikastolari eta ikasle guztiei, inplikatzen diren guraso guztiei, merkatariei eta bi elkarteei, "sekulako lana egiten dutelako". Bide batez, herritarrak animatu ditu Merkatu Txikira joatera.

Merkatu Txikia definitzeko hitz batzuk aukeratu dituzte prentsaurrekoan izan diren Maitane Iruin eta Xanet Egiguren ikasleek: "Solidaritatea, elkarlana, borondatea, laguntza eta enpatia". Merkatu Txikia oso ekintza puntual garrantzitsua dela esan dute: "Gure Ikastolaren hezkuntza proiektu osoaren barruan kokatzen da, eta beste ekintza askorekin batera, jasotzen dugun hezkuntza zabal eta sakonaren barruan kokatzen da". Hainbat helburu dituela azaldu dute: "Gizartearen era askotariko beharrean aurrean, ikasleok erantzukizunez joka dezagun hezten gaituzte Laskorainen txiki txikitatik. Urtero janari bilketa bat egiten dugu beharren dauden pertsonentzako. Behar ez ditugun objektuak, bota beharrean, beharrean dauden haurrei elkarbanatzen dizkiegu. Merkatu Txikiaren antolakuntzan ere inplikatzen gara DBH 3 eta 4 mailakoak eta Batxilergokoak ere bai".

Ekimenarekin lantzen dituzten baloreen "garrantzia" nabarmendu dute Iruinek eta Egigurenek: "Enpatia da horietako bat. Guretzat balio handirik ez duten objektuek, beharrean dauden pertsonentzat zein garrantzia duen ikustea". Bestalde, parte hartzea borondatezkoa dela ere azpimarratu dute.

Bere aldetik, Ibarra Misio Taldeko Xabier Aiertzak azaldu duenez, zenbait urtetan Merkatu Txikiaren laguntza jaso dute. Azken lau urteetan Indian bi proiektu bideratu dituztela esan du, Carmelitas de la Caridad mojekin batera. "Eskatu ziguten neskentzako erresidentzia bat egitea. Herri asko daude eskolarik gabe, eta eskolara joateko beharrezkoa dute hainbat ordu askoz oinez ibiltzea. Horregatik jarri zen martxan erresidentzia bat, bertan neskak egon ahal izateko, eta eskolara joateko", azaldu du Aiertzak. "Horren ondoren, anbulatorioa egiten laguntzea eskatu zuten. Azkeneko bi urteetan lortu dugu hori egitea. Mojen helburua da osasuna, elikadura eta hezkuntza lantzea"

Tolosaldea Sahararekin elkarteko Gregorio Eizagirrek ere eskerrak eman dizkio Laskorain Ikastolari emandako laguntzarengatik proiektuak aurrera eramateko. "Gure helburua da hezkuntzan eta osasunean egitea lana. Lehenbiziko urteetan egiten genuen eskola berritu, baina ikusi genuen posible zela eskola berri bat egitea, ikusita Ikastolarekin dugun harremana·, esan du Eizagirrek. "Frente Polisarioarekin hitz egin genuen, eta ikusi genuen posible zela eskola bat egitea lurralde liberatuetan". Horrez gain, aukera izan dute artategi bat jartzeko jasotako laguntzarekin. "Lehenbiziko aldiz da lurralde horietan bi zerbitzu horiek dituztenak, eta guretzako ohore handia da", gaineratu du Eizagirrek. Horrez gain, beste proiektu baterako ere bideratu nahi dute laguntza, Saharako haurrak uda hemen pasatzeko, hain justu. "Azken lauzpabost urtetan hasi ginen Tolosaldean zenbait haur batera hartzen aterpetxe batean egonaldia egiteko. Egun Amasako apaizetxean egiten dugu eta hor izaten dira hamabost bat haur inguru, eta horretara ere bideratu nahi dugu dirua", azaldu du Eizagirrek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!