Ezer ez da soberan

Mikel Iraola 2015eko abenduaren 19a

Hirukide Ikastetxeko eta Kirikiño Aisialdi taldeko kideak elikagaiak biltzen aritu dira Tolosako Supermerkatuetan.

Urtero elkarlanean egin ohi duten Eguberri Kanpaina solidarioaren baitan kokatzen da gaurko janari bilketa. Tolosako bost supermerkatutan izan dira ikasleak, goiz osoan zehar, Abegi eta Caritasentzat janaria biltzen.

Makarroiak, kontserbak, lekale poteak, turroiak, polboroiak, txokolateak... denetarik bildu dute. "Aipagarria da Caritasek beste leku batzuetatik janaria jasotzen badu ere, Abegiren kasuan urte osoan irauten diola kanpaina honen bidez lortzen dugun janariak", azaldu du Malen Oiartzabal ikasleak.

Jendeak begirune osoz hartu ditu: "Batzuk zertan ari ginen galdetu digute, eta segituan eman digute zerbait. Beste askok bazekiten. Karroa bete digunik ere izan da" azpimarratu dute ikasleek. Ezer ez da soberan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!