Azoka Berezia, arrakastatsua

Mikel Iraola 2015eko abenduaren 19a

Ehunka pertsona bildu dira Tolosako Azoka Berezian, eguraldiak lagunduta. Giro paregabea izan da goiz osoan zehar herriko kaleetan

Eguraldiaren urteroko galdera ikurraz gain, erronka berriak zituen aurtengo Gabonetako Azoka Bereziak, lekualdaketa tarteko. Biak ala biak, nota onarekin gainditu ditu azokak.

Izotz pistak Triangulotik Alondegira mugitu ditu postu ugari, baina Nerea Letamendia zinegotziaren esanetan, "argi geratu da azokak egiteko leku egokia ere badela". Abereek sortu dute ikusmin handiena, bereziki etxeko txikienen artean. Bada, emozio biziz, astoen gainean plazari buelta bat eman dionik ere.

San Frantzisko pasealekuan, berriz, odolki lehiaketa izan da San Blas elkarteak antolatuta. Hamar parte hartzailetatik onena Iñaki Zubeldia beasaindarra izan da.

Giro ona gainerako kaleetara hedatu da gero, Bonberenea Txaranga eta erraldoien eskutik. 

Bestalde, Gabonetako ohiturari jarraiki, Roberto Ruiz sukaldariak egindako konpota banatu die udalak azokan izan diren baserritar eta gainerako artisauei. "Gogo handiz itxaroten ari ziren", azaldu du Olatz Peon alkateak. Ondoren, herritarrei eskaini diete.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!