Alondegia plaza ere hartuko du Gabonetako azoka bereziak

Itzea Urkizu Arsuaga 2015eko abenduaren 18a

Urteroko odolki lehiaketa San Frantzisko pasealekuan izango da aurten

Goizean goizetik hasita, larunbatetako festa giroa nagusi izango da, beste behin, Tolosan. Gabonen atariko egunak izaki, urteroko azoka bereziak hartuko du herriko erdigunea, eta aurten, gainera, plaza bat gehiago beteko dute produktuek.

Patinaje pista dela eta, postu guztiek ez dute lekurik izango Trianguloan eta, beraz, Alondegia eta San Frantzisko ere hartuko ditu azoka bereziak, larunbateroko guneez gain.

Odolki lehiaketa izango da hitzordu nabarmenentako bat, San Blas elkartearen eskutik, eta 08:00etan hasiko dira prestatzen, San Frantziskon. Oraingoz, 10 parte hartzailek eman dute izena, eta gaur itxiko dute zerrenda, 13:00ean; 943 69 75 21 zenbakira deitu behar da. Bihar, 13:00ean irabazlearen izena jakinaraziko dute.

Alondegian, berriz, artisauak eta animaliak izango dira ikusgai eta, Trianguloan, eztia, ahatekiak, ardoa nahiz txakolina izango dira eskuragarri.

Azkenik, aipatzekoa da Fronton jatetxeak konponta banatuko diela larunbatero-larunbatero azokan aritzen diren ekoizleei.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!