Betira arte, Poxpolo

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko abe. 20a, 20:03

Gaurkoan hemen bukatzen da, ez dut nahi inongo malkorik. Horrelaxe biribiltzen ditu emanaldiak, Poxpolo eta Konpainiak, kolore, irribarre eta sudur gorriekin eraikitako ametsak, hurrengo batean ere oholtza berera itzuliko direla esateko. Orain arte Gero arte zena, ordea, Agur izango da urtarrilaren 5ean, eta azkenekoz abestuko dute doinua, Poxpolok sudur gorria kendu aurretik.

Hogei urteren joan-etorria konta daiteke, modu batera edo bestera, motzago edo luzeago. Hogei urte horiek bidean utzitako ilusio, poz eta irribarreak zenbatzea, ordea, ezinezko bilakatzen da pailazo eta haurren arteko zubi miragarrian. Eta, bizitzan askotan gertatzen den bezala, Poxpolo eta Mokoloren unibertsoa sortzeko lehen alea kasualitate txiki batek jarri zuen, duela bi hamarkada, Iker Galartza Poxpolok azaldu duenez: «Eskolapioetako Txantxangorri aisialdi taldeko begiraleak ginen, eta zaindariaren egunean haurrentzako jolasak antolatu behar izaten ziren beti. Urte hartan, ordea, gure artean aritu ginen, pailazo emanaldi bat prestatzearen ideiaz. Iñaki [Mokolo] eta biok oso ondo moldatzen ginenez, biok antolatu genuen saio xumea, eta ikasle zaharrenetako batzuekin osatu genuen taldetxoa».

Helburu handirik gabe, baina asmo erraldoiz ekin zioten lehen emanaldi hari: «Noski, ez genuen ez abestirik ez ezer, eta Ikusi mendizaleak, Arantxantxan eta horrelakoekin osatu genuen emanaldia», dio Galartzak.


1995 inguru hartan Eskolapioetako frontoian egindakoa hantxe bertan geratuko zela pentsatuko zuten, baina patuak, ilusioak edo zerbaitek, lagun talde hark aurrera egitea nahi izan zuen: «Horrelakoxeak izaten dira poliki-poliki sortzen diren gauzak. Lehen saio hartan ikaragarri ondo pasatu genuen, eta urte amaieran beste bat egitea erabaki genuen. Eta, bide beretik, hurrengo irailean ere hasi ginen azarokoa prestatzen. Sekulako sorpresa izan zen guretzat, haurrak aurreko urtetik gurekin gogoratzen zirela ikustea!».

Horrela, eskolako oholtzaren gerizpetik hegan egiteko aukera suertatu zitzaion taldeari, eta inauterietako Aiz-Orratzen haur jaialdian aritzeko aukera suertatu zitzaien, lehenengo. Taula gaineko irribarreek are irribarre gehiago pizten zituzten behean, eta Iñaki Odriozola Mokolo bera izan zen, umore horren sokari tira behar zitzaiola proposatu zuena: «Gure emanaldia Tolosako haurren gustukoa baldin bada, besteek ere gustukoa izango dute. Horrelako lanak hartuta, saiatu egin beharko genuke!».

 
Esan eta egin. Gainontzeko taldeen ereduetatik txosten txiki bat prestatu, gertukoei laguntza eskatu, eta biderkatzen hasi ziren emanaldiak, herriz herri eta plazaz plaza, urtean 70 egitera iritsi arte.


Malkorik umelena, pailazoarena

Sentipen gozoenen nahiz pentsamendu makurrenen ispilu izan daitezke ezpainak, bi muturren norabidearen arabera. Badituzte zenbait bidelagun, gainera, munduari esan nahi dioten hori oihukatzeko, eta horietako bat da sudur gorria: borobila, koloretsua, dirdiraz betea.

Pozaren dirdirak sarri gertu izaten du, ordea, malkoena ere eta, behin batez, 2009. urtean, Poxpolo Mokolorik gabe geratu zen. «Anaia bat galtzearen parekoa izan zen, eta momentuan bertan, halaxe pentsatu genuen: 'Akabo'», dio Iker Galartzak.

Iñaki Odriozola zenaren oroimenak eta haurren indarrak, ordea, Poxpolo eta Mokoloren bidezidorra ez desagertzea ekarri zuten eta, Poxpolo ta Konpainiak heldu zien asmo eta ilusio berriei, herriz herri, plazaz plaza: «Aurrera egin beharra zegoen, berak ere hala nahiko zukeelako, baina ez da posible izan. Hasieran, bera alboan ez izatea gogorra egiten zen, baina, gero, oroimena da, aldiro-aldiro, hutsune hori gogora ekartzen dizuna. Ileordea janzten duzun bakoitzean, makilatzen zaren bakoitzean, aldamenera begiratu eta inor ez dagoenean,… 500 ume aurrean izanda ere, bakardade hori ikaragarria izan da zenbait momentutan».

Mokoloren hutsunea ez dute, ez, omenaldi, kantu eta ileordeek bete, eta taldekideen eguneroko erritmoak beren jarduna amaitzea ekarri badu ere, Iker Galartzak argi dauka, 2009 hartako albiste tamalgarria inflexio puntu bat izan zela: «Egunak pasatzen dira, hilabeteak ere bai eta, azkenean, urteak, eta bat konturatzen denean, berarekin gogoratu ez den egun bakar bat ere ez duela izan bere bizitzan, azken sei urteotan, orduan ikusten du hutsunearen handitasuna. Eta ez da Iñaki ez duzula ahazten, baizik eta buruak egunero ekartzen dizula gogora: 'Hau ederki egingo zian Iñakik' edo 'Iñakik berehalaxe konponduko zukeen arazo hau'». Pailazo eta lagun taldeak Mokoloren familia osoaren babesa ere izan du ilusioak eraikitzeko lan horretan, baina, une txiki batez bada ere, malkoen dirdira gailendu zaio irribarreari.

Zirkoaz maiteminduta

Egunero jaiotzen dira belaunaldi berriak osatuko dituzten haurrak. Eta, belaunaldiekin batera, ohiturak, modak eta joerak aldatzen dira, baita pailazoen munduan ere. Poxpolo ta Konpainiak, ordea, hasierako unibertso magiko horretan jarraitu du, amaierara arte: zirkoaren munduan. «Akaso protagonistak aldatu izan ditugu, baina esketxak asmatu, begiratu nahiz kopiatzerakoan, garai bateko pailazoei begiratu izan diegu beti. Zirkoa asko maite dugu, eta zirkoko gag tradizionalak gurera ekarri izan ditugu beti».

«Diotenez, ez da pailazogintza baino nazioartekoagoa den ezer», dio Galartzak. Sudur gorriak indar bera baitu, Angolan, Taiwanen, Idahon edo Tolosan. «Mundua beste era batera ikusten da haurren begietatik eta, beti haurrengandik gertu arituta, umetan genuen begirada hori ez duzu hain erraz galtzen. Munduari desberdin hitz egin, desberdin begiratu, konplexurik gabe. Azken finean horixe baita kontua: heldutzen garenean konplexuz betetzen garela».

Duela aste gutxi beren erretiroaren berri eman zutenez geroztik, Poxpolo ta Konpainiako kideei ezinezkoa izan zaie beren tristura azalduz gerturatu diren herritarrak zenbatzea: «Ikaragarria da. Eta guretzat ere pena handia da, bizimodu aldaketa bat. Baina nik beti gauza bera erantzuten dut, lasai egoteko, ez dakidala nola eta zein modutan, baina Poxpolo berriz ere itzuliko dela, izango dela. Nik ere ez dut nire burua ikusten, berriro sudur gorri hori jantzi gabe».

Paradoxen errenkadan, poz ikaragarri sortu dutelako sortu dute, hain zuzen, tristura. Poxpolo ta konpainiak, ordea, ez du burua lurpean sartu nahi izan eta, beren jarraitzaileek «hori merezi dutenez», elkarrekin hasitakoari, bukaera ere elkarrekin eman nahi izan diote. Urtarrilaren 5ean, azken Gero arte kantatuko dute, Leidorreko milaka ikusleren ezpainek Betira arte marrazten duten bitartean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!