Gardentasuna atala: informazioa eskuragarri, modu zuzenean

Ataria 2015ko abe. 17a, 19:35

Gardentasuna atalaren aurkezpenean izan dira Anjel Alonso teknikaria, Joseba Ormazabal zinegotzia, Olatz Peon alkatea eta Xabier Telleria teknikaria.

Tolosako Udaleko webgunean dagoen atal berri bat aurkeztu dute, Gardentasuna izenekoa. Olatz Peon alkateak azaldu duenez, "gure helburua da gardentasuna sustraitzea eta sustatzea".

Peonek gaineratu duenez, "webgunean udalak antolatzen dituen zerbitzu guztiak aditzera ematen badira ere, udalaren jarduera eta antolaketaren berri ematea da atal honen xedea". Orain bi urte gardentasun lege bat onartu zen, eta lege horrek betebehar batzuk markatzen ditu. "Gure ustetan, legeak esaten duenetik harago, kudeatzaileen kontrol zorrotzak gizarte osoak egin behar du, hori delako bide bakarra herritarren konfiantza lortzeko, eta baita ere herritarron informazioa dena berez, gureganatzeko", esan du alkateak.

Bide horretan, Peonek azaldu duenez, "nahi baldin badugu lortu gizarte inplikatuago bat, gizarte arduratsuago bat, derrigorrezkoa da gizartea ere ondo informatua egotea. Askotan aipatu dugu gobernantza berri horren eredua, eta hori da gizartea berez aldatzen doalako, eta gizarteak eskatzen dituelako kontuak argiago ematea". Gobernantza eredu hori hobekuntzan eta berrikuntzan oinarrituta dagoela adierazi Peonek, eta "Tolosa, azken finean, bizitzeko leku atsegin, ireki eta parte hartzaileago bat izan dadin, eta pertsonak, tolosarrak, partaide izan daitezen askatasunean eta berdintasunean".

Xabier Telleria udal teknikariak azaldu ditu udalaren webgunean ireki den Gardentasuna atalaren xehetasunak. "2013/19 legeak markatzen zituen erakunde publikoek erakutsi beharreko informazioa", azaldu du Telleriak. "Aurtengo abenduaren 15ean betetzen zen epea gutxieneko batzuekin zerbait publikatzeko. Bitarte horretan Eudelek lan talde batzuk osatu zituen, udalei laguntzeko. Gero garapena izan zuen horrek, Diputazioa ere inplikatu zen bere garaian, eta udal batzuk hasi ginen lanean". Aurrera begira, beraz, garapena izango du atalak.

Bestalde, Telleriak gogora ekarri duenez, "Gardentasun Legeak esaten du guk publikatzen dugunaz aparte, herritarrak baduela eskubidea beste zerbait nahiko balu hori eskatzeko ere, eta herritarrei erantzun behar zaio informazio eskaera horri". Eskaera horri informazioa emanez erantzungo zaio datu estatistikoak direnean. Hau da, herritar batek eskatzen badu zenbat bazkide dauden igerilekuan, esaterako, horri erantzuna eman behar zaiola.

Hainbat informazio dago gaur egun Gardentasuna atalean. Alorretako bat, udal langileria eta antolabidea da. Bestea, informazio ekonomiko-finantzarioaren ingurukoa, eta hor bi gai daude: emandako laguntzak eta diru-laguntzak, eta izenpetutako hitzarmen eta kudeaketa-mandatuak. Beste alor bat udal kontratazioari buruzkoa da. Hiri antolamendua eta herri lanak dira atal berrian dagoen beste alorretako bat. Datu irekien katalogoa ere aurkitu daiteke bertan, eta baita udal araudi eta hitzarmenak. Azkenik, iradokizunak egiteko aukera dago, eta horrek Parte Hartzen atalera bideratzen du.

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!