Imanol Rojo tolosarra, emaitza bikainak lortuz

Eneritz Maiz Etxarri 2015eko abenduaren 17a

Tolosarrak hasi du denboraldia, eta jarria zuen helburuetako bat bete du Europako Kopan

Elur garai bete-betean gaude, nahiz eta oraindik elur askorik ikusi ez. Fondoko eskiaren norgehiagokak, ordea, hasiak dira eta denboraldiari hasiera bikaina eman dio Imanol Rojo tolosarrak.

Abenduaren 6an, Austriako Seefelden 10 kilometro estilo librean bederatzigarren postua lortu zuen eta, hori baino garrantzitsuagoa, 53,31 FIS puntuak dira. Puntu horiek Munduko Kopako probetan parte hartzeko eskubidea ematen diote tolosarrari. Astebete beranduago, Frantziako Juranen kokatzen den Premanonen Europako Kopako probak korritu zituen, eta denboraldi honetarako jarrita zuen helburuetako bat betetzea lortu zuen: Europako Kopako proba batean TOP 10ean sartzea. Postu hori lortu zuen, larunbatean, hilak 12, 15 km estilo librean eta puntuazioa hobetuz, 38,74 FIS puntuak lortu zituen.

Igandean, berriz, estilo klasikoko proban, 22.garren postuan sailkatu zen. Asteburuan,s Alemaniako St Ulrichen Europako Kopako beste hiru probatan lehiatu beharko du Rojok. Iazko denboraldian bakterio baten eraginez arnasa hartzeko izan zituen zailtasunak eta arazo fisikoak ere gainditu dituela eta, «pozik» agertu dira Alpino Uzturreko kideak.

Bestetik, estatu mailan, igandean, Alpino Uzturreko korrikalariek lehenengo proba izan zuten Bereten, eta Mikel Plazasek kadete mailan bigarren postua lortu zuen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!