Joserra Senperena: «Nire asmoa ez da musika klasikoa egitea»

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko abe. 17a, 20:00

Irudian, Joserra Senperena piano jotzaile eta musikaria; bihar ariko da Topic zentroko aretoan.

Piano, biolin eta biolontxelo kontzertua eskainiko dute, bihar, Topic-eko aretoan

Piano eta jazz ikasketen uztartzeak emandako bideetatik abiatu bazen ere, hamaika adarretan barrena aritu izan da Joserra Senperena (Donostia, 1965). Bihar, ordea, bere proiektu bat taularatuko du, 9 ganbera pieza, Topic aretoan, urte berriaren atariko kultur egitaraua itxiz.

'9 ganbera pieza' lana eskainiko duzu zuenean, baina zein pieza izango dira, zehazki?

Diskoa osatzen duten bederatzi pieza izango dira eta, kontzertua hasteko, lehenengo diskoko bost pieza ere eskainiko ditugu. Disko hartan 10 trio zeuden, biolin, piano eta akordeoirako, eta horietako bost moldatu egin ditugu, piano, biolin eta biolontxelorako.

'Ganbera' hitza entzuna, askori musika klasikora joaten zaie burua. Zure kontzertuaren ildoak hari horri jarraituko dio?

Musika tresna klasikoak erabiltzen ditut, baina, egiazki, nire asmoa ez da musika klasikoa egitea. Azken hamabost-hogei urteotan, pop taldeetarako egin izan ditut orkestra moldaketak eta, horrela, poliki-poliki joan naiz orkestraren edo instrumentu klasikoen paisaian sartzen. Bide horretatik dator, azken diskoan instrumentu klasikoekin musika sortu izana. Baina pieza horiek ez daukate egitura klasikorik, eta armoniaren eta erritmoaren aldetik ere, ez nuke esango musika klasikoa denik.

Aipatu duzun bezala, hainbat musikari eta talderen eskutik ibili izan zara urtetan, pianoaren aldamenean beti. Zergatik pianoa?

Egia esan, txistua ikasten hasi nintzen kasualitatez, eta utzi egin nuen. Solfeoan jarraitu egin nuen, ordea, eta nire irakasleak pianoa jotzen zuen. Chopin-en Iraultzailea estudioa jotzen ikusten nuen, eta orduan pentsatu nuen, nik pianoa jo nahi nuela. Horrela hasi nintzen, beraz.

Besteen musikari izatearekin batera, zure proiektu propioen gidari ere izan zara. Zer duzu nahiago?

Egia da nire musikarekiko inplikazioa handiagoa dudala, besteen musikarekiko baino eta, ahalko banu, gehiago joko nuke. Hala ere, biak ditut gustuko, asko jo dut beste taldeekin eta jarraituko dut hori egiten.

Zure ibilbide oparoan hainbat talderekin aritu izan zara. Horrek musikaren errealitate desberdinak ezagutzeko aukera eskaini dizu?

Ez horrenbeste, talde horiek guztiak pop musikaren esparruan aritzen baitira. Nik nire diskoetan egiten dudan musika, berriz, oso bestelako da. Beharbada, La buena vida edo Duncan Dhu taldeekin orkestra moldaketak egiten hasi nintzenean, musika klasikoko instrumentuetara gerturatu nintzen gehiago. Baina, gainerakoan, talde horiek pop musika egiten dute, eta nire iturriak beste aldetik datoz.

Pianoarekin ondo uztartzen diren diziplinekin elkarlan-fruituak ere eman dituzu, poesia eta musika uztartuz, esaterako. Giro intimo horretan eroso aritzen zara?

Bai. Azken finean, niretzat politena bestelako gauzak egitea da: 9 ganbera pieza bezalako disko bat egitea, alde batetik, eta, Mandarin dotore lana osatzea, bestetik, eta rock-a jotzea, aldi berean. Idazleekin aritzea gustuko dut eta eroso sentitzen naiz dena den, haiek beste mundu batera eramaten zaituztelako; horrek musika beste bide batzuetatik egitea eragiten du.

Beste askok baino ikuspegi zabalagoa eskainiko dizu, ziur aski, zure ibilbideak. Hasi zinenetik hona, musikak gizartean jokatzen duen papera aldatu al da?

Bai, asko aldatu da. 50 urte ditut, eta gure gazte garaian ez zegoen internetik. Beraz, entzuten genituen diskoak erosi genituelako entzuten genituen. Orain, berriz, musika edozein tokitan dago eskuragarri, eta musika edozein tokitan entzun daiteke: autobusean, tabernetan eta edonon. Diskografiken mundua bukatzen ari dela dirudi, baina bada aldatu ez den gauza bat: jendeak musika entzuten jarraitzen duela, akaso, lehen baino gehiago, gainera.

Musika kontsumitzeko moduak industria osoari eragin dio, beraz.

Bai. Lehen disko bat erosi, eta bi hilabetez egon gintezkeen disko bera entzuten, osoa buruz ikasi arte. Orain, berriz, kantu bat internet bidez entzuten duzu, edo kantu zatiak entzuten dituzu. Dena askoz ere azkarragoa da.

'9 ganbera pieza' lanarekin ari zara, baina, aurrera begira, ba al duzu proiekturik esku artean?

Bai, baina proiektuak besterik ez dira, eta hobe izango da, oraindik, ezer ez esatea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!