Tolosarrak, bikain Zumaiako XIV. Klarinete Maratoian

Mikel Iraola 2015eko abenduaren 17a

Tolosako Udal Musika Eskolako 20 bat ikaslek parte hartu zuten pasa den astean Zumaiako Maratoian; sariak ere irabazi dituzte laukote lehiaketan.

Pasa den asteazkenetik igandera 14. Klarinete Maratoia ospatu zuten Zumaian, eta 9 eta 14 urte bitarteko Tolosako Udal Musika eskolako 20 ikaslek hartu zuten parte, Jasone Etxebeste irakasleak lagunduta.

Lehen lau egunetan, arratsaldez, ekintza ezberdinak burutu zituzten, taldekako entseguak edota mintegiak, besteak beste. Aipagarrienak, ordea, Carlos Casado Madrilgo Orkestran aritzen den klarinete-joleak eskaini zituen eskolak izan ziren. Tolosako bi ikaslek berarekin bakarka aritzeko aukera izan zuten.

Launaka, onenak

Duela hiru urte maratoi honen barruan laukoteen lehiaketa bat egiten hasi ziren. Aurten, bada, lau sari lortu dituzte tolosarrek. 12-14 urte bitartekoen mailan, adibidez, txapeldunak eta txapeldunordeak izan dira Tolosako bi taldeak. 9-11 bitartekoen artean, berriz, bigarren eta hirugarren egin dute.

Etxebeste pozik zegoen: "Horrelako ekimenek, eta gainera saria irabazteak, motibagarriak dira ikasleentzat. Eskertzekoa da baita ikastetxeen jarrera, mintegiak iraun duen bitartean klaseak galtzeko oztoporik jarri ez dutelako".

Gabonetan gehiago

Tolosako Udal Musika Eskolako ikasleek Gabonetan kalera irteten jarraituko dute. Tolosa&Co Merkatari Elkartearen eskutik hainbat kalejira egingo dituzte Tolosako kaleetan zehar. Hiru talde irtengo dira: ikasleen banda, akordeoilariak eta klarinete taldeak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!