Uharte, gertuago

M.Iraola 2015eko abenduaren 16a

Tolosa Eskubaloiak erraz irabazi dio Egiari, 43-34, eta gertuago du lehen postua, Uhartek galdu eta gero.

Igoerari eutsita jarraitzen du Tolosa Eskubaloiak. Asteburuko partida hasi aurretik jakina zen Uhartek Artalekun galdu egin zuela, eta urdinek ez zuten aukera pasatzen utzi.

Hasieratik irten zen Tolosa eta partida erabakita uztear izan zen. Lehen ordu laurdenerako 15-6 aurretik zen Noguesen taldea. Ondorengo 15 minutuetan, ordea, lasaitasunaren eta donostiarrek defentsa hobetzearen ondorioz, aldea murriztu zen. 22-20koarekin iritsi ziren atsedenaldira.

Bigarren zatian, lehenengoaren pareko hasiera izan zen. Lehen hamar minutuetarako Tolosak alde nabarmena zabaldua zuen: 32-26. Hortik aurrera, Egiak besoak jaitsi zituen eta ezer gutxi egin ahal izan zuen porrota ekiditeko. Azkenean, 43-34. Aipatzekoak Aritz Otegiren 12 golak.

Eta gauzak horrela, Uharte hasi da Tolosaren hatsa sentitzen: bigarren jarraitu arren, orain puntu bakarrera ditu nafarrak talde urdinak. Igandean, berriz, Getxon jokatuko du Erromoren aurka, 12:00etan, Gabonetan atseden hartu aurretik.

Bigarren taldearen berdinketa

Bigarren taldeak 21na berdindu zuen Hondarribiaren aurka, etxetik kanpo. Partida oso parekatua izan zen. Atsedenaldian 9-8koa zen markagailuan, eta hondarribiarrak ia denbora guztian aurretik izan arren, Jon Iraolaren taldeak puntu bat eskuratzeko aukera izan zuen azken minutuetan.

Puntu garrantzitsua mailari eusteko helburuari begira, hurrengo partida bezalaxe, Urdaneta hartuko baitu Usabalen, larunbatean.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!