Bilketa tasaren inguruko zalantzekin onartu dute sistema berria

Mikel Iraola 2015ko abe. 15a, 16:09

Sistemaren aldaketa onartu zuteneko unea

Tolosako udalbatzak, EAJ eta PSEren aldeko botoekin, hondakin bilketa sistema aldatzea onartu zuen atzo ezohiko plenoan. EH Bilduk aurka bozkatu zuen.

Pasa den ostiralean jakinarazi zuen Tolosako udal gobernuak inauterien bueltan bosgarren edukiontzia ezarriko zuela, egungo sistema mistoa ordezkatuz. Bada, atzo onartu zuen aldaketa hori udalbatzak, jendez bete zen ezohiko pleno batean.

Sistema "erosoagoa, garbiagoa eta merkeagoa" jartzera doazela azpimarratu zuen Olatz Peon alkateak. Hainbat arrazoi jarri zituen mahai gainean erabaki hori hartzeko: "arrazoi ekonomikoak, herritarren ohiturekin bat ez egitea, edukiontzien egokitasun eza, datuen jarraipenik eza, eta hutsuneak kale garbiketarekin estali behar izatea", besteak beste.

Jose Ignacio Asensio, Gipuzkoako Ingurumen diputatua eta PSEko zinegotzia, pozik azaldu zen erabakiarekin: "Bazen garaia, egungo sistema ez baita egokia Tolosarako".

EH Bildu, kritiko

"Etorkizunean lotsa sentituko dugu erabaki hau hartu izanagatik" esanaz hasi zuen bere interbentzioa Ibai Iriartek: "Gauzak perspektiba gehiagorekin begiratuz gero, atzera pausoa dela ikusiko da".

Egungo sistema hobetu beharrean "errotik aldatu" izana kritikatu zion Iriartek gobernuari, errefusaren sarbidea ez kontrolatzea arazo iturri ikusten baitu koalizioak: "Mugatzen ez bada, librea da ez birziklatzea. Birziklatu nahi ez duenari ez egiteko aukera ematen zaio, eta ez birziklatzea ez da eskubide bat. Hiritar moduan daukagun obligazio bat da eta ongi egiten duenak adina eskubide izango ditu gaizki egiten duenak".

Horrez gain, EH Bilduk gogora ekarri nahi izan zuen orain artean udal gobernuak bilketaren inguruko aurreikuspen ekonomikoak soilik eman dituela, baina tratamenduak ere baduela bere kostua, "garestiagoa" gainera, errefus kantitatea handitzearen ondorioz: "Errefusa handitzean, hori zabortegira botatzearen truke zenbat ordaindu beharko da? Izan ere, mila kiloko 144 euro ordaindu behar dira". Galde erreguen tartean Zero Zaborrek ere kezka bera azaldu zuen.

Ardura, partekatua

Aldaketak aldaketa, helburuak "berdinak" direla azpimarratu zuen Peonek: "Denok amesten dugu etorkizun jasangarriago batekin, baina ez gara jartzen nolakotasunean. Gu era progresiboan joatearen aldekoak gara". Jeltzalearen esanetan, kanpoan dauden poltsak, edukiontzietara sartzea da lehentasuna da orain.

Zentzu horretan, udalak "utzikeriaz" jokatu eta "sistemari jarraipenik ez" egitea egotzi zion alkate ohiak Olatz Peoni: "Daukazuna kudeatzea dagokizu, gustatu edo ez. Ez dakit nahita edo nahigabe egin duzuen. Nahigabe izan bada, kudeaketarako gaitasun falta azaltzen duzue. Eta nahita izan bada, maltzurkeria gogorrena".

Herritarren eta administrazioaren ardura partekatuaz ere aritu ziren eztabaidan Peon eta Iriarte. Alkateak azaldu zuenez "herritarrok hondakinak etxean sailkatu behar ditugu derrigorrez, eta udalak bilketa egoki bat antolatu behar du, erosoa eta erraztasunak emanaz". Iriartek gaineratu zuen hori egiteaz gain, udalak bermatu behar duela gauzak ongi egiten ari direla: "Bitartekoak jarri behar ditu, eta bitartekoek gauzak egoki egitera bultzatu behar dute".

Adostasunera iristeko prestutasuna

Ibai Iriartek adostasunerako eskua luzatu zion udal gobernuari: "Adostu dezagun zein neurri zuzentzaile hartuko ditugun birziklatze tasak eroriz gero".

Olatz Peonek, berriz, egungo tasari eutsiko diotela erantzun zion, eta arauak jarri behar badira, "adostuko" dituztela: "Europak legez zehazten du 2020rako %50eko tasara heldu behar dela. Lege hori betetzeko eragozpenik ez dugu. Helburu bera dugu, ikus dezagun zein errealitateren aurrean topatzen garen, eta seguru nago adostasunera iritsiko garela".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!