Oholtza genero indarkeria salatzeko bozgorailu izango da

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko abe. 14a, 16:28

Maite Ruiz de Egilaz eta Nuria Carbonell zinegotziekin batera, batxilergoko neska-mutilak izan dira aurkezpen agerraldian.

Hi haiz, hi! jaialdia eskainiko dute, ostegunean, Tolosako batxilergoko ikasleek

Bost urte igaro dira, jada, Travelling jaia zenak bestelako izen eta gorputza hartu zuenez geroztik. Orduko zenbait helbururi eusten badie ere, Hi haiz, hi! jaialdiak ikuspegi zabalago bat eman dio, batxilergoko ikasbidaia finantzatzeko hitzorduari: genero desberdintasuna eta indarkeria sexistaren arazoa taularatzen dute hiru ikastetxeetako neska-mutilek.
Aurten ere , Topic zentroko aretoa izango dute beren sormen eta aldarrikapenen gerizpe eta, abenduaren 17a, agendan seinalaturiko egun. Ordularian, berriz, 20:00ak izango dira, emanaldia hasterako.
Hirukide, Laskorain eta Orixeko ikasleek «sorpresaz beteriko jaialdia» antolatu dutela azaldu dute: «Beldur Barik lehiaketan parte hartu duten lan tolosarrekin batera, dantza, bertsoak, musika eta hainbat sorpresa izango dira ikus-entzuleentzat». Horrela, bost euro ordaindu beharko da sarreragatik: "Badakigu ez dela merkeegia, baina helburu bikoitza du, bidaiarena eta kontzientzia piztearena", azaldu dute ikasleek. Gainera, azken hilabeteotan Josebe Iturriozekin eta Nerea Cerecedarekin egindako lana ere azpimarratu nahi izan dute: "Ez da lan erraza bestearen lekuan jartzea eta bestearen errealitatea gertuagotik ezagutzea, baina hain zuzen horixe landu dugu jaialdia prestatzeko, eta neskak mutilen paperean ariko garen bezala, gure lekuan jarriko dira mutilak ere". 
Maite Ruiz de Egilaz berdintasun zinegotziak aurten genero indarkeriagatik hildako emakumeen kopuru «ikaragarria» nabarmendu du, eta arlo horretan aurretik egiteko dagoen «ibilbide luzea» azpimarratu: «Udalak temati jarraituko du horretan, ordea, eta hezkidetza lantzeko halako proiektuak babestuko ditugu». Horrenbestez, herritarrei dei egin die, ostegunean, Hi haiz, hi! jaialdira bertaratzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!