Aldaketaren bidez, auzo-edukiontzietan oinarritutako sistematik 5 edukiontzietan oinarritutako “ohiko” sistemara pasatuko da. Horrez gain, dendetan atez ate egiten den kartoi-bilketa ere bertan behera geratuko da.
Tolosako Udaletxean nagusi den EAJk aldaketa justifikatu du sistema berria “erosoagoa eta ekonomikoagoa” delako.
Eguzkiren iritziz, aldaketa hau EAJ, PSEren laguntzaz, Gipuzkoan praktikatzen ari den karramarroaren estrategiaren ondorio da. Estrategia horren bidez, bilketa selektiboan orain arte egindako bidean atzerapausoak ematen ari dira, eta, horrela, birziklatze-mailek nahitaez okerrera egingo dute.
Erabakiak erosotasun-arrazoietan oinarritzea da ingurumen-kontuetan serio ari den edozein herrialdek egiten duenaren guztiz kontrakoa. Huts-hutsean erosotasunean oinarritutako ingurumen-aurrerapenik edo hobekuntzarik ez dago. Are gehiago, sarri, sarriegi, erosokeria eta ardurarik eza daude ingurumen-krisi askoren atzean. Galdetu, bestela, klima-aldaketari buruzko goi-gailurra zela eta, egunotan Parisen bildu diren adituei.
Auzo-edukiontzietan oinarritutako sistemaren ordez den-dena irentsiko duen edukiontzi bat ezartzea erosoagoa da, bai, batez ere zaborraren lau zatiak ez banatzen tematuta dauden axolagabeentzat.
Ba ote da alderik Tolosan ezarri nahi den sistema berri/zahar honen edo Donostian, Eibarren edota Irunen indarrean direnen artean? Ez, batere ez. Bada, aipatutako hiru herri horietatik bakar batek ere ez du % 40ko bilketa-maila gainditzen. Hori al da Tolosako Udalaren helburua?, % 78tik % 40ra jaistea, alegia?
Erosokeriaren izenean atzera egitea ingurumenaren aldeko praktika ona al da? Bestalde, baldin eta erosokeriaren izenean birziklatzen ez dutenei jarrera arduragabe hori errazten bazaie eta, gainera, birziklatzen saiatzen direnei bezalaxe kobratzen bazaie, non gelditzen da “kutsatzen duenak ordain dezan” printzipioa?
Baina, atzeraka ibiltzeaz gain, Tolosako Udala datu-nahastuen hondar azpian gordetzen da, eta horretan ere karramarroak bezala jokatzen du. Izan ere, sistema berri/zaharraren bidez 54.000 euro aurreztuko dituela dio. Ez du kontuan hartzen errefuxaren edukiontzian orain arte baino askoz zabor gehiago bilduko dituela, eta zabor hori tratatzeak ere kostu bat baduela: gutxienez 144 euro toneladako. Halaber, birziklatzeko material gutxiago jasoko du (papera, kartoia, burdina, plastikoa), eta, horren ondorioz, trukean ere, orain arte baino diru gutxiago jasoko du.
Gainera, hondar azpian gordetako karramarroek bezala, EAJk eta PSEk ez dute inolaz ere ikusi nahi zer gerta daitekeen hemendik hilabete batzuetara bilketa selektiboaren ehunekoek behera egiten badute. Izan ere, beraien erabakian ez dute inolako zuzenketa-mekanismorik ipini, bilketa selektiboaren maila gutxienez % 60koa izan dadin.
Gauzak horrela, zilegi da pentsatzea hori dela, hain justu, EAJren eta PSEren helburua: gutxiago birziklatzea, erraustegiaren bazka bermatzeko helburu. Inork etxe ondoan nahi ez duen erraustegi hori, ez Zubietan, ez Usabalen.