Ibai Iriarte EH Bilduren Tolosako zinegotziak gidatu du ekitaldia, eta bertan parte hartu dute Urko Aiartza senaturako EH Bilduren Gipuzkoako zerrendaburuak, eta Eudald Calvo CUP alderdiaren kidea eta Argentona herriko alkateak.
Aiartzak azaldu duenez, "abenduaren 20ko hauteskunde hauetan Espainian erreformetarako aukerak zabalduko dira, eta horrek esan nahi du Euskal Herriak aukerak eta arriskuak izango dituela. Arriskua, berriro ere beste 40 urtetako erreforma bat herrien eskubideak aitortuko ez dituena emateko, ala aukera behingoz Euskal Herriak herri bezala aitortza eta erabakitzeko eskubidearen aitortza edukitzeko".
Aiartzak gaineratu duenez, "garrantzitsua da Madrilen Euskal Herriaren independentziaren aldeko ahots sendo eta indartsu bat egotea. Horregatik da garrantzitsua botoa ematea hauteskunde hauetan". Bide horretan, Katalunia jarri du adibide bezala: "Kataluniatik egin duten moduan, Euskal Herritik beste fronte demokratiko bat ireki behar da Madrilen, berriro ere inposizioari aurre egiteko, eta behingoz gure herria gure etorkizunaren jabe egin dadin". Aiartzak, bide batez, Kataluniako independentista guztiak zoriondu ditu egiten ari diren lanarengandik.
Bere aldetik, Eudald Calvok CUPetik EH Bilduri babesa eskaintzen diotela adierazi du: "Beti Euskal Herrian gurekin egon den jendea izan da EH Bildukoa, eta garai honetan, herri katalana une berezia bizitzen ari den honetan, beharrezkoa da hona etortzea, herri bezala itzaliago egon garenean gure alde borroka egin dutenei babesa ematera". Kataluniatik beti begiratzen diotela Euskal Herriari gaineratu du: "Beti izan da esperantza. Katalunian gauzak zailagoa zeudenean, Puyolismoak ez zuenean nahi aurrera egin independentziaren alde, Euskal Herria beti egon da lehen ilaran. Eta orain gu esperoan gaude penintsulako herrialde guztiak altxa daitezen".
Abenduaren 20ko hauteskundeen garrantzia nabarmendu du Ibai Iriartek: "Argi dago gurea ez den herri bateko parlamentua eta senatua direla jokoan daudenak, baina gure gain garrantzia duten erabaki asko guregatik hartzen dituzten hauteskundeak dira. Horregatik, kanpaina honetan EH Bildu ere hor dago". Iriartek gaineratu duenez, "argi diogu gu ez goazela Madrilera, beste batzuk bezala, kromoak aldatzera, herriaren izenean alderdi interesak defendatzera, gu ez goaz autogobernuaren errebisioa eskatzera. Herri honen askatasun beharra defendatzea goaz, gure bidea aldarrikatzera. Etorkizun hobe bat nahi dugu eta horretarako bide bakarra independentzia da".