"Mugi daitezen harriak, mugi ditzagun harriak"

Ataria 2015eko abenduaren 12a

Herritar ugari elkartu dira Zerkausiko terrazan Sareren deialdiari erantzunez.

Tolosako Sareren deialdiari erantzunez, hainbat herritar elkartu dira euskal presoen eta iheslarien eskubideak errespetatu daitezen eskatzeko.


Sarek abian jarritako Mugi daitezen harriak dinamikara erantzunez, hainbat herritar elkartu dira Tolosako Zerkausiaren terrazan. Tolosako Saretik azaldu dutenez, "dinamika hori gurera ekarri eta Mugi ditzagun harriak bihurtu. Nahi izan dugu salatu oraindik orain euskal presoen eta iheslarien eskubideak zanpatuta daudela, eta eskubide hauen urraketarekin amaitu beharra dagoela. Bide horretan, sinisten dugu herritarren esku dagoela eta herritarrek bultzatu behar dugula, indarra egin behar dugula harri hori mugi dadin. Horregatik, harria mugituz argazkia atera dugu".

Argazkia ateratzeko deialdia aprobetxatu dute datozen egunetarako izango diren bi mobilizazioetan parte hartzeko deia egiteko. Batetik, abenduaren 24ean urtero Tolosan izaten den manifestaziorako. Aurten 18:30ean izango da, Trianguloa plazatik abiatuta. Bestetik, urtarrilaren 9an nazio mailan antolatuko diren bi manifestazioetan parte hartzeko, bai Bilbon eta baita Baionan ere. "Gure aldetik Bilborako deialdia egingo dugu eta autobusetarako zerrendak datozen egunetan ohiko lekuetan jarriko ditugu", zehaztu dute Tolosako Saretik.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!