Abenduaren 31ko Elkartasun Krosa, egonkortutako hitzordua

Mikel Iraola 2015ko abe. 11a, 15:56

Abenduaren 31ko Elkartasun Krosean izena emateko epea astelehenean zabalduko da. Aurten Xabier San Sebastian izango da kirolari saritua. Berrikuntzak ere baditu

Korrikalarien eta gainerako herritarren artean egonkortutako proba da abenduaren 31ko Elkartasun Krosa. Urtetik urtera parte hartzaile kopurua gora doa. Iaz, esaterako, 1.200 izan ziren, eta aurten antzeko zifra bat espero dute antolatzaileek.

Berrikuntza hainbat izango ditu 18. edizio honek. Alde batetik, izen-emateko lekuak aldatuko dira. Datorren astelehenetik aurrera, hilaren 14tik, Shanti Kirolak dendan eman ahalko da izena. Hilaren 21etik aurrera, Usabal Kiroldegian ere izango da aukera hori.

Aurrez izen-ematen dutenek 8 euro ordaindu beharko dituzte, eta egunean bertan apuntatzen direnek, berriz, 12 euro. Haurrek ez dute ordaindu beharko. Banaka nahiz taldeka eman ahalko da izena.

Bestalde, haurren lasterketentzat ordutegi finkorik ez dute jarri, "parte hartzaileen arabera aurreratu edo atzeratu egin daitekeelako". Benjaminak 15:30ean hasiko dira lasterka, eta bukatu bezain pronto hasiko dira gainontzeko lasterketak, bata bestearen atzetik. Helduenak bai, badu hasiera ordua: 16:45ean abiatuko dira Zerkausitik, eta urteroko bost kilometroko ibilbidea osatu beharko dute.

Tolosako Euskal Eskola Publikoaren logoa ere estreinatuko dute Kroseko irudi gisa.

Festa giroa indartu nahian

Abenduaren 31koa, lasterketa baino, festa izatea dute helburu antolatzaileek. Bide horretan, pasa den urteko berrikuntza bati segida ematea erabaki dute: mozorrorik originalenari saria ematea. "Laguntasunaz eta festa giroa nahi dugu, emaitzak bigarren mailako helburu utzita" azaldu du Patxi Amantegi zinegotziak.

Lasterketaren ondoren zozketak ere izango dira. Kirolari diren ikasle ohiei ere omenaldia egiten zaie, eta aurtengo sari berezi hori Xabier San Sebastian txirrindulariak emango du.

Laguntza, Kolonbiara

Lortutako dirua, Kolonbiako Guabas ibaiaren inguruan bizi den komunitateko Biblio-mula proiektuaren jarraipena egiteko erabiliko da. Bertako haurren irakurmena eta eskolaratze prozesua laguntzea du xede egitasmoak. Indarkeriaren eraginez, lehenengo, eta lurraren egoeraren ondorioz, ondoren, lekualdatu behar izan zuten 50 familia daude Guabasen. Horrez gain, Lucia Arias, Cocuyo Elkarteko kideak azaldu duenez, "komunitatea garatzeko ere balio izan du proiektu honek". 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!