Maiztasuna eta edukiontziak, biak handitu nahi ditu udal gobernuak

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko abe. 9a, 19:25

2014ko azaroan sistema aldatu zuen orduko udal gobernuak, eta materiala banatzeko guneak ezarri. Irudian, horietako bat.

Datorren astelehenean onartuko dituzte hondakin bilketa sistema aldatzeko neurriak, ezohiko bilkuran

Joan den maiatzeko hauteskundeetako emaitzek iragarri zutena laster gauzatuko da Tolosan, eta EAJ-PSE-EEren udal gobernuak iragarri ditu, jada, hondakin bilketa sisteman egin asmo dituen aldaketa zenbait.
Bihar iluntzerako deitua zen ezohiko osoko bilkura, baina, azkenean, astelehenera atzeratu dute hitzordua, eta Tolosako Udalak ostiral eguerdian eskainiko ditu, prentsaurreko baten bitartez, hondakin bilketa sistemarako aldaketen xehetasun guztiak. Edonola ere, aldaketen proposamenak zenbait ardatz nabarmen izango ditu.
Batetik, organikoa, errefusa eta sanitarioak biltzeko egungo edukiontzien ordez, albotik kargatzen diren edukiontzi handiagoak ezarri nahi dituzte: 2.200 litrokoak. Horren eraginez, bilketa guneak murriztuko dira: 84 daude gaur egun, eta 61-65 inguru izango dira, proposamenaren arabera.
Edukiontziak handitzearekin batera, bilketa maiztasuna ere zabaldu nahi du udal gobernuak, bai organikoaren eta errefusaren kasuan, eta baita ostalarien kasuan ere: azken horiei atez ateko sistema kentzea da proposamena, «kaleak garbi eta apainduta izatea ezinbestekoa baita». Aipatzekoa da, arrandegiek sortutako hondakinak izango direla atez ate jasoko dituzten bakarrak.
Bilketa sistemaren aldaketak aldaketa ekonomikoa ere ekarriko duela dio udal gobernuaren proposamenak eta, horren arabera, «53.921,48 euro merkeagoa izango da sistema berria». Besteak beste, merketzea Tolosako eta Irurako bilketa sistemen bateratzetik letorke.
Proposamena biltzen duen txostenaren arabera, udal teknikariaren ardura izan da azterketa teknikoa egitea, eta Tolosaldean hiri hondakinak biltzeko ardura duen UTEren laguntza izan du jardun horretan. Horrela, zenbait baldintzaren gainean eraiki dituzte aldaketa-proposamenak: «Atez ateko sistema kentzea eta hondakinak jasotzeko sistema eroso bat ezartzea, batetik. Era berean, sistemak eraginkorra, jasangarria eta ekonomikoki bideragarria izan behar du. Egungo birziklatze tasa mantendu eta hobetu egingo du».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!