Tolosa CF-ek bigarrenarekiko tartea zabaltzen jarraitzen du

Asier Imaz 2015ko abe. 8a, 10:56
Argazkian, Tolosa CF-eko jokalariak Mutrikuren aurkako partidan gola ospatzen

Sailkapen nagusiko azkenaren aurka 2-3 irabazi dute urdinek. Justo Lillo entrenatzailearen esanetan, partida ez zen hain estua izan. Tolosarren golak Fuentesek (2) eta Zabaletak sartu zituen.

Anaitasuna sailkapen nagusiko bigarrenak etxean berdindu egin zuen azken jardunaldian. Tolosa CF-k berriz, hiru puntuak lortu zituen Getariako Ketaren aurka. Ondorioz, bi puntuko aldea zena, laura zabaldu da. Hirugarrena, Mutriku, bost puntura dago, eta laugarrena, Hernani, zazpira. Hain zuzen ere, hurrengo jardunaldia, Tolosa CF-Hernani izango da. Larunbat honetan, 16:30ean, Berazubin.

Partida honen harira, Justo Lillok berdinketa ez du hain gaizki ikusten: "Irabaztera aterako gara, beti bezala, baina berdinketa ez da txarra. Hernani ez zen oso ondo hasi, baina azken bederatzi jardunaldietan ez du galdu. Aurkari oso gogorra izango da". Hurrengo aurkariaren jokoa aztertzerakoan, talde gogorra dela dio Lillok: "Joko zuzena egitea gustatzen zaie, eta bigarren jokaldiaren bila ibiltzen dira. Aurrelari oso ona daukate, eta hegaleko azkarrak. Kontuz ibili beharreko partida da". Horrez gain, errebantxa kutsua izango du larunbateko partidak. Udan, denboraldi aurrean, bi taldeak elkarren aurka jokatu zuten. Berdinketarekin amaitu zen partida hura, nahiz eta gero penaltietan Hernanik garaipena lortu. Errebantxa kutsua izango du beraz larunbateko partidak, Tolosa CF-eko entrenatzailearen esanetan. 

Getariren aurka, Orion

Azken jardunaldia etxetik kanpo jokatu zuen Tolosa CF-ek, Orion. Aurkaria Getariako Keta zen, sailkapen nagusiko azkena. 2-3 bukatu arren, partida gehienean urdinak 1-3 joan ziren. Estutasunik beraz ez zuten pasa.

Justo Lilloren esanetan zelaia ez zegoen ondo. Aurretik beste partida bat jokatua zenez, baldintza txarretan geratu zen berdegunea. Hala eta guztiz ere tolosarrek lehiaren lehen 15 minutuetan 3 gol sartzeko aukerak izan zituzten. Markagailuan aurrea hartu zutenak, ordea, Getariako Ketakoak izan ziren, kontra eraso baten ondorioz.

Tolosa CF-ek bere jokoa egiten jarraitu zuen, eta Fuentesen bi golekin eta Zabaletarenarekin, 1-3 irauli zuten markagailua. Lilloren esanetan, "aukera gehiago" izan ziren. "Baina bazirudien jokalari bakoitzak bere gola egin nahi zuela, eta ez zen laugarrena iritsi. Ulertzekoa da jarrera hori; guztiok gara gizakiak", azaldu zuen Tolosa CF-eko entrenatzaileak umore onez. 

Partida amaitzear zela, 90. minutuan, Getariakoen bigarren gola iritsi zen. Baina ez zen gehiagorako denborarik izan.  

Sailkapena
Pos.   Taldea Puntuak JP IP BP GP EA AT KT 
1    TOLOSA C.F. 31   13   10   1   2   0   35   14  
2    ANAITASUNA C.D. 27   13   8   3   2   0   25   10  
3    MUTRIKU F.T. 26   13   8   2   3   0   22   16  
4    HERNANI C.D. 24   13   7   3   3   0   20   13  
5    OSTADAR S.K.T. 20   13   6   2   5   0   18   23  
6    TOURING C.D. 19   13   6   1   6   0   13   13  
7    ZARAUTZ K.E. 19   13   5   4   4   0   18   13  
8    ELGOIBAR C.D. 19   13   6   1   6   0   15   18  
9    HONDARRIBIA F.E 19   13   5   4   4   0   21   18  
10    REAL UNION CLUB SAD 18   13   5   3   5   0   16   15  
11    ALOÑA MENDI KE 18   13   4   6   3   0   15   15  
12    EUSKALDUNA S.D. 18   13   5   3   5   0   15   23  
13    ORDIZIA K.E. 14   13   3   5   5   0   20   22  
14    BETI GAZTE K.J.K.E. 13   13   3   4   6   0   18   23  
15    ORIOKO F.T. 12   13   3   3   7   0   11   17  
16    OIARTZUN K.E. 12   13   4   0   9   0   12   17  
17    MARTUTENE K.E. 10   13   2   4   7   0   10   18  
18    GETARIAKO KETA F.T. 7   13   2   1   10   0   13   29  

Iturria: kirolak.net

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!