Neofobia, edo jaki berriak probatzeko beldurra, haurtzaroan ageri ohi da nabarmen. Hau ekidin edo eramangarriago egiteko gomendio batzuk nabarmendu ditu: gurasoak elikadura ohitura eredugarriak izatea, edota, jatera ez behartzea.
Zer da neofobia?
Elikadurekiko neofobiak zera esan nahi du: elikadura berriak probatzeko beldurra. Neo berria da, eta, fobia beldurra.
Mizkina izatea norberaren errua al da?
Hor, orojalearen dilema dago. Teoria honek zer esan nahi du? Bada, orojaleak garenez, denetik jan dezakegula. Baina, honek ere, beldurra izatea dakar ezagutzen ez duguna probatzeko. Garai batean, ezagutzen ez genuena probatzeko ere beldurra izaten zen, pozoitsua izan zitekeelako. Honi neofobia esaten zaio. Ebolutiboki badu jarraipena eta arrazoia. Hala ere, nik esango nuke, errua baino gehiago, jaiotzetik zapore gozoak nahiago ditugula, aldiz, mikatzagoak, berdurak adibidez, jaten ikasi egin behar ditugula.
Haurrak ez du purea jan nahi. Zer egin?
Orain arte jatera behartu da. Ikerketa guztiek diote ez dela behartu behar, bestela, guztiz kontrakoa lortuko baitugu. Saiatu behar da egunero berdurak jartzen, mahaian presentzia izan dezala, nahiz eta ostera ez jan. Baina batez ere, familiako kide guztiek jatea komeni da, mizkina den haur horrek jaten ikasteko.
Amets gaizto bilakatzen da hainbat haurrentzat otordu garaia. Nola egin dibertigarriago?
Mizkintasuna 2-3 urterekin hasten da, eta, 6 urterekin jaitsi egin beharko luke. Hasteko, elikagai gutxiago direlako berriak, eta bestetik, haurra jada ohitu delako. Era dibertigarrian eta jostagarrian jakiak probatzen saiatzen bagara, neofobiarako arrisku gutxiago dago.
Jada heldutasunera iritsi da, baina gauza asko ez zaizkio gustatzen. Lagunekin afaltzera edo oporretara joatea buruhauste bilakatzen da. Betirako al da mizkintasuna?
Heldu arora luzatu daiteke, bere garaian ez bada ondo konpontzen. Hala ere, badaude tratamendu batzuk hau kudeatzeko. Ikuspegi arrazionala gainditzen duen joera gailentzen da egoera horietan, eta ez da atsegina izaten pertsona horrentzat.
Gurasoez gain, amon-aitonen papera dago, eta ikuspegi ezberdinen talka…
Iskanbilak sortu daitezke. Zigorren bidea hartzen dute batzuek, eta hor, guraso eta aiton-amonen ikuspegi ezberdinen talka sortu daiteke. Baina hori, beste alor batzuetan ere bai.
Ostera, eskola edo ikastolako jantokia. Zein paper jokatzen dute? Nola landu beharko lukete?
Eskola askotan behartu egin da jatera orain arte, haur batzuk ezer jan gabe itzuli dira etxera. Hala ere, beste aldagai interesgarri bat ere sartzen da: lagunak daude bertan, eta hauek jaten badute, haurrak ere probatuko du.
Nola izan beharko luke haur batentzako elikadura egokiko egun batek?
Betiko piramidea izan behar da kontuan (ikus taula). Baina oraingoa, beste faktore bat sartu da piramidean: oreka emozionala.
Gurasoek fruitu edo barazki gutxi jaten badute, eragiten ari dira mizkintasun horretan ezta?
Gurasoek ez badute jaten eta etxe horretan ez badago fruitua eskuragarri, zaila da haurrak jatea. Gurasoek egiten ez dutena, ez dute egingo haurrek.
Jaki prestatuez beterik daude supermerkatuko apalak. Nola eutsi tentazioari?
Enpresa eta eskoletako saltzaile makinetarako sagar zuritu eta zatitutako produktuak sortu dituzte. Ondo dago, orain artean dauden produktuak ikusita, baina hori al da helburua? Denbora hartu behar dugu sagarra zuritu eta jateko. Denbora da gakoa. Guk erabaki behar dugu zeini ematen diogun garrantzia: ondo elikatzeko denbora horri edota aisialdiari, eta ostera, jaki prestatua jan. Eta hori, gurasoek haurrei transmititzen diete. Negozioak halako ohiturak sortzen ditu azken finean.
Bestetik, baserrietako kontsumo taldeak, Slow food, KM 0… badirudi kontzientzia sortzen ari dela hala ere…
Egon badaude eta egia da jendea geroz eta gehiago arduratzen dela elikaduraz, nahiz eta nire ustez oraindik gutxiengo bat izan. Tolosaldea bezalako ingurune batean, baserriz inguraturik, gehiago baloratu beharko genuke elikadurarako dugun aukera bikaina. Haurrei erakutsi egin behar zaie elikadura osasuntsua zer den.
Ikerketa batzuk diote neofobia hereditarioa dela. Barruan daramate edo imitazioz ikasten dute haurrek?
Gurasoak neofobikoak izan badira, seme-alabek ere aukera handiak dituzte. Lotura dago. Hereditarioa da, baina baita kulturala ere. Ohitura batzuk badaude etxe horretan, haurrak hori ikusiko du. Obesitatean gertatzen den bezala. Adibide gisa, «Boteroren familia» izeneko lana dago, hau da, obesitatearen arazoa duen familiaren argazkian, txakurra ere lodi ageri da, eta kasu horretan, ez da hereditarioa noski.
Neofobiak eragina omen du autoestimuko dimentsio ezberdinetan (familia, gizartea, fisikoa, emozionala, akademikoa). Hainbesterako al da?
Hori da gure ikerketan ikusi duguna. Hau da, neofobia duten umeek autoestimu baxuagoa dutela beste umeek baino. Egia esan, guk ere ez genuen espero dimentsio guztietan ezberdintasunak ikustea; gure ustetan, neofobiak autoestimu familiarrean eragina izango zuen baino ez beste dimentsioetan. Horregatik, gure ustez, kontutan hartu beharreko gaia da.
Neofobia, edo jaki berriak probatzeko beldurra, haurtzaroan ageri ohi da nabarmen. Hau ekidin edo eramangarriago egiteko gomendio batzuk nabarmendu ditu: gurasoak elikadura ohitura eredugarriak izatea, edota, jatera ez behartzea.