Lehen lehian, hirugarren eta laugarren postua erabakiko da, Landa-Ekhi eta Aimar-Andonegiren artean. Bi bikote hauek finalerdiak galdu zituzten larunbatean, Antxon-Arkaitz eta Barandika-Lekerikaren aurka. Ondorioz, gaurko bigarren partida, finala, bi bikote horien artekoa izango da.
Antxon eta Arkaitz iazko txapeldunak dira. Bigarren edizio honetan, beraz, berriro txapela irabazteko aukera izango du Arkaitz Izagirre tolosarrak. Ez da erraza izango, ordea. Aurkariak, Barandika eta Lekerika egungo munduko txapeldunak dira. Partida, beraz, oso borrokatua eta ikusgarria izango da.
Finalerdietan ikusle ugari
II. Elolaren Oroimenezko Txapelketa Babarrun Festarekin batera jarri zuten martxan, Beotibar Zesta Punta Elkarteko kideek. Final laurdenak jokatu ziren orduan, eta antolatzaileak gustura geratu ziren ikusleen erantzunarekin. Andoni Lertxundik iaz baino jende gehiago elkartu zela gogoratu zuen orduan.
Larunbat honetan finalerdiak jokatu ziren Beotibarren, eta erantzuna oraindik eta hobea izan da. Zesta punta partidak ikustera jende ugari elkartu zen, harmailei itsura polita emanaz. Beotibar Zesta Punta Elkartetik azaldu dutenez, «denboran atzera egitea bezala izan zen; magia». Hau da, pilota zaleak zesta puntarekin multzoan gozatzen. Pilotariek euren ekarpena egin zioten ikuskizunari, maila handiko finalerdiak jokatu baitzituzten.
Magiaz beteriko egun horri, jarraipena eman nahi diote biharkoan. Tolosako Beotibar pilotalekuaren harmailetara begiratu eta berriro ere denboran bidaiatu nahi dute Beotibar Zesta Punta Elkartekoek. Hori bai, oraingoan, bidaia horrekin iragana baina etorkizuna irudikatu nahi dute.
Hitzordua jarria dago. Bihar, 11:30ean, Tolosako Beotibar pilotalekuan. Sarrera, orain arte bezala, doakoa izango da.