Txuleta usainak hartu du Tolosa

Eneritz Maiz 2015eko abenduaren 5a

Hasi da Txuletaren Festa Tolosan, eta asteartea bitartean luzatuko da. Zerkausian jarri duten jatetxe erraldoiko parrilak martxan daude. Zizka Mizka Koxka guneak ere jende ugari erakarri du.

Goizetik nabari zen giro ona Tolosan. Jende ugari gerturatu da Triangulo plazaren eta Zerkausiaren arteko festa girora. Larunbateroko ohiko azokak Triangulo plaza hartu du saltoki bilakatzeko, eta Zerkausia lau egunez jan eta edanerako txoko bilakatu dute. Triangulon jarri duten izotz pistak, berriz, txikien eta helduen ikusmina sortu du. Eta haur ugari animatu da patinak jantzi eta patinatzera. Ipurdikoak ipurdiko, umore onean ibili dira.

Txuletaren Festak, mahai dotoreekin, jatetxe erraldoi bilakatu du Zerkausiaren alde bat, eta beste aldean berriz, Zizka Mizka Koxka ekimenak pintxo ezberdinak eskaini ditu. Datozen hiru egunetan ere izango da zer edan eta zer dastatu. Gaur goizean, gainera, hitzaldia eta tailerra ere eskaini dituzte, eta pintxo bereziek, tolosar eta kanpotar ugari bildu dute.

Bazkaltzeko ordua iristean berriz, mahai guztiak jatun onez bete dira. Ohiko menua dastatu ahal izan dute, eta nola ez txuleta usainik ez da faltatu. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!