Zabaldu dute Trianguloko izotz pista

Ataria 2015ko abe. 5a, 11:05

Tolosako Udalak eta Tolosa&Co merkatarien elkarteak atzo eman zioten hasiera kanpainari. Berrikuntza nabarmenen artean, Trianguloa plazan jarri duten izotz pista dago. Olatz Peon alkateak, Nerea Letamendia Merkataritza, Feria eta Turismo zinegotziak eta Gorka Arregi Tolosa&co merkatari elkarteko lehendakariak, besteak beste, Tolosan bertan erosketak egiteak duen garrantzia nabarmendu zuten. 

Gabonak bereziak direla eta kanpaina berezia izaten dela adierazi zuen Olatz Peon alkateak. Tolosarentzat ez ezik, eskualdearentzat eta eskualdetik kanpokoentzat ere badela. Tolosan zerbitzu ona, gertukoa eta kalitatezkoa eskaintzen dutela ekarri zuen gogora. Bestetik, lanak emaitza ona eduki dezan oinarrizkoa dela  Tolosako Udalaren eta Tolosa&co merkatarien elkartearen arteko elkarlana nabarmendu zuen.

Nerea Letamendia zinegotziak Tolosa "aire zabaleko gune" bezala definitu zuen. Eguberriak ate joka daudela eta "herrian bertan erosteak ekartzen dituen onurak argi ditugu guztiok, eta merkataritza eta zerbitzuak Tolosaren eta Tolosarako erakusleiho direnez, bereziki mimatu beharrekoak".

"Hain mundu globalizatuan bizi garenean, eta sareko salmentak eta denda handien sorrerak bertako eta gertuko komertzioa baztertzen du" argitu zuen Letamendiak. Tolosan, 1.500 pertsona baino gehiagori ematen diola lana merkataritza eta ostalaritzak gogoan izan behar dugula adierazi zuen. "Horrek egiten gaitu aberats".

Antolatu dituzten ekimen bereziekin jendea erakarri nahi dute Tolosara: izotz pista dela, kontzertuak, antzerkia, zinema, Topic zentroak antolatuko dituen ekimenak, ... eta guzti hau posible izateko ahalegin berezi bat egin duela Tolosa&co elkarteak nabarmendu zuen Nerea Letamendiak. Uztailean hasitako elkarlanari esker aurten izotz pista jartzea lortu dutela esan zuen zinegotziak, baina hurrengo urtera begira ere eskua artean ekimen interesgarri asko dituztela argitu zuen. Azkenik, Tolosan erostearekin Tolosan inbertitzen dela esanez amaitu zuen.

Izotz pista, urtarrilaren 6a arte

Tolosa&co merkatarien elkarteko Gorka Arregik ere, bere aldetik, izotz pista nabarmendu nahi izan zuen, baina beste hainbat ekimen ere antolatu dituzte. Urte askoan izan duten ilusioa izan da izotz pistarena, eta aurten errealitate egin dutela adierazi zuen, baina ez dela kapritxo bat izan argi utzi nahi izan zuen: "Gure ezaugarriak dituzten herrietako esperientzien datuak ditugu, eta argi uzten digute bi oinarrizko helburu betetzen dituztela, hau da, Tolosa aire libreko merkatal zentro atsegin izatea eta inguruko herrialdeetako bezeroek gurera etortzen jarraitzea. Tolosaldea, Goierri, Buruntzaldea edota Nafarroatik".

Ahalegin ekonomiko izugarria egin behar izan dutela argitu zuen Arregik, baina espero dute ekimenak harrera ona izatea, eta hurrengo urtean ere berriro antolatu ahal izatea. "Jarri dugun pista sintetikoa da, baina izotz naturaleko pista baten ezaugarriak ditu. 225 metro karratuko azalera du, eta tolosarrentzat eta bisitan datozen herritarrentzat prest egongo da gaurtik hasi eta urtarrilaren 6ra arte". Jai egunetan ere goiz eta arratsaldez irekita egongo da. Pista kudeatzeko, berri, lau herritar kontratatu dituzte. Bazkideei eta laguntza eman duten guztiei eskerrak eman zizkien elkarteko lehendakariak.

Honez gain, urtero bezala, Eguberrietako umeen parkea izango da Zerkausian. Abenduaren 27, 28, 29, 30 eta urtarrilak 3 eta 4. 11:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 20:00etara.

Beste berrikuntzen artean, poltsa berrerabilgarriak banatuko dituzte elkarteko merkatariek beraien erosleen artean. Honez gain, sustapen orokorrak egongo dira, eta 6000 euro banatuko dituzte 60 euroko sarietan. Sari bakoitza 100 eurokoa izango da. Gaurtik hasi eta urtarrilaren 6a bitarte iraungo du kanpainak. Tolosa&co VISA erabiltzeak ere sariak emango ditu, eta doako erosketak eta izotz pistarako txartelak banatuko dituzte.

 

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!