Bizi euskara, euskaraz bizitzeko

Erabiltzailearen aurpegia Maialen Zubillaga 2015ko abe. 3a, 16:00

Maialen Zubillagak Euskararen Egunaren harira eginiko hausnarketa, Kale kantoitik.

Gaur, euskararen eguna den honetan, sentimenduak nahasten zaizkit. Maitasuna eta harrotasuna, haserrea eta lotsa. Gaur ospakizunerako eguna da, baina zapore gazi-gozoa dut.

Euskaraz bizi izan ditugu txikitako oroitzapenik politenak, goxoenak, beroenak. Baserriko sutondoan ikasi genuen zer den errespetua; amonari zuka eta anai-arrebei hika. Aitaren magalean ikasi gunen zer den libre izatea, Mikel Laboaren Txoriak Txori abesten zigun bakoitzean. Euskarak harro sentiarazi gaitu. Egin isildu zuten. Euskaldunon Egunkaria isiltzen saiatu ziren. Baina, hurrengo egunean, Egunero genuen eskuetan; "Itxia, baina ez isildua" zioela azalean.

Egun, ordea, baditugu kezkatzeko eta haserretzeko arrazoiak oraindik. Ikasketak ezin euskaraz hasi eta bukatu. Hitzaldi batean, euskaldunok bigarren mailako entzule. EHUko Medikuntzako ikasleek esan zuten eta gogoan ditut hitz horiek gaur: "Ez gara buenos días baten atzetik datorren kortesiazko egun ona".

Erraza da hurkoa goraipatzea eta bestea kritikatzea. Erraza da Euskaraz bizi nahi dut lelopean geratzea. Zaila da, ordea, autokritika. Galdetu zure buruari: Eta nik? Nola bizi dut euskara? Euskaraz bizi nahi dut, baina horretarako nik bizi behar dut euskara.

Burumakur eta aho txikiz idazten ditut hitz hauek. Lotsez onartzen dut euskaldun batek gaztelaniaz egiten didanean gaztelaniaz erantzuten diodala. Lotsez onartzen dut Facebookeko egoera ingelesez jarrita hobeto geratzen dela iruditzen zaidala. Lotsez onartzen dut horrela euskara gutxiesten dudala. Ahaztu egin al zaigu nor garen?
Euskara ez da komunikatzeko erreminta hutsa. Euskara gure izatea da, nortasuna da.

Gure aitona-amonek, gurasoek, ikastolek, herriak utzitako altxorra da. Ba al dago herentzia hoberik? Jarrai dezala izaten herentzia amaigabea, aberastasun komuna, altxorrik preziatuena, gure ondarea.

Gontzal Mendibilek ongi bildu zuen euskararen aberastasuna eta izatea:

Araban bagare,
Gipuzkun gabera,
Xiberun bagire,
ta Bizkaian bagara,
Baita ere, Lapurdi ta Nafarran.

Euskarak gogorarazten digu nondik gatozen eta nora goazen; nor garen. Izan euskara kalean, lagunartean, familian, eskolan, lanean, liburuetan, abestietan, egunerokoan, oroitzapenetan, ametsetan, zugan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!