Euskararen Eguna 2015

Euskara ikasteko muga guztiak Skype bidez gaindituz

Mikel Iraola 2015ko abe. 3a, 12:05

Hervé Peaudecerf bretainiarra eta Helena Baraibar tolosarra Skypez aritzen dira astero, lehenak euskara ikas dezan. Urtebetean ez dute ia hutsik egin.

-Benetan euskara ikasi nahi duzu?
- Bai!
-Ikasi nahi baduzu, nik irakatsiko dizut.

Eta horrela hasi zen guztia, askorik pentsatu gabe, boteprontoan. Euskara ikasteko eta irakasteko grinak mugak puskatu, eta inoiz imajinatuko ez zuketen lekura eraman zituen Hervé Peaudecerf bretainiarra eta Helena Baraibar tolosarra: ordenagailu aurrera.

Irakasleak biak, pasa den urtean ezagutu zuten elkar, Laskorain Ikastolak eta Ar Releg-Kerhuoneko Diwan ikastetxeak urtero burutzen duten elkartrukean. Ordutik hona, astero-astero, euskara ikasten eta irakasten jardun dute Skype bidez.

Peaudecerf euskara ikasten hasia zen, jada, Gure Irratiaren ikasgaiak baliatuz, Ipar Euskal Herrian dituen lagunekin euskaraz hitz egiteko helburuz. Egunerokoak, ordea, ahalegin hori ezerezean uzten zion. «Ezin nuen euskaraz egunero edo astero hitz egin, isolatuta nago, ez baitut euskara dakien inor nire inguruan, eta oso zaila da bakarrik ikastea» dio. Tolosara etorri zenean, konplize hobezina topatu zuen.

Hitzordu finkoa

Bi, hiru edo lau orduz hitz egiten dute astero Hervék eta Helenak, urte osoan ia hutsik egin gabe.

«Beti badugu zerbait elkarri kontatzeko, baina nik hitz egin baino gehiago, entzun egiten diot» dio tolosarrak.

Lanbidez dokumentalista da Hervé, eta, horregatik, sarritan bere lanen inguruan aritzen dira. Bestela, eguneroko bizitza dute, euskararen hiztegi eta egitura berriak dituzte hizketagai. «Gai jasoei buruz hitz egiten dugu normalean, beraz, falta zaio eguneroko bizitza arrunteko hiztegia. Hitz tekniko asko ezagutzen ditu, elkarrizketagai direlako». Irakurmena eta idazmena ere lantzen dute, ahozkoarekin batera: ikasleak esan ahala, askotan Helenak idatzi egiten baitu Driveko orrian esaten ari den hura; edo, beste zenbaitetan, Hervék berak idazten ditu esaldiak eraiki ahala.

Lehen dei haietatik gaur egunekoetara alde handia dagoela azpimarratu du Helenak: «Posta elektroniko eta dokumentu guztiak gordeta ditugu eta lehen mezu haietatik hona egin duen jauzia oso nabarmena da». Hain da nabarmena, non TOLOSALDEKO ATARIA-ri eskainitako elkarrizketan, euskara hutsean erantzuteko gai izan den.

Zaila, ez zailagoa

Euskara ikasteari buruzko zailtasunaz galdetuta, Peaudecerf argi eta garbi mintzo da: «Zaila da, baina ez da beste hizkuntzak baino zailagoa. Beste guztiekin bezala, lan asko egin behar da».

Aditzak ikastea ari zaio kostatzen gehien, baina, horretarako, laneko joan-etorriak baliatzen ditu: «Autoan lan asko egiten dut. Gidatzen noanean, aditzak ikasten ditut, bolantearen aurrean jarri eta memorizatzen joaten naiz».

Duela 25 urte bretoierarekin bizi izan zuen esperientziaren pare kokatzen du Hervék bizitzen ari dena. Orduan ez zuen bretoieraz hitz egiten, familiako inork ez zekielako; orain, berriz, etxeko hizkuntza da. «Bretoieraz bizi naiz: emaztearekin, haurrekin, lanean... Eta bretoiera ikasi nuen bezala, orain, euskara ikasi nahi dut. Ederra da euskaldunak euskaraz hitz egiten entzutea, gustuko dut» dio. Helenari bretoiera ikasteko metodo bat oparitu dio, baita Euskara-Bretoiera hiztegia ere: «Berak ere ikasi ahal du!».

Gustuko bidean, aldaparik ez

Herveren jarrerak miresmena sortzen dio Helenari: «Errespetu handia adierazten du euskararekiko eta baita gainontzeko hizkuntza minorizatuekiko ere. Egiten duen ahalegina izugarri handia da».

Hervék ere hitz onak besterik ez ditu Helenak egiten duen lana definitzeko: «Berak ere esfortzu handia egiten du, opari bat da niretzat». Biek ala biek, gustura egiten dute ahalegin hori: «Lanbidea dut irakasten aritzea, eta gogoko lanbide, gainera. Egunerokoan bizi egiten dut gazteak ikaste-prozesuan eramatea. Benetan bizi egiten dut. Hervéri euskara irakasten aritze hori eta haren hizkuntzaren jabekuntza-prozesua zuzenean ezagutzea oso esperientzia polita da» dio emozioz Baraibarrek.

Urtebete baino gehiago pasa da lehen Skypeko dei hartatik, eta aurrerantzean ere astero beren tartea hartzeko indarrez dira Hervé eta Helena, ez baitute orain artekoa galtzen utzi nahi. Guztiz konbentzituta da Peaudecerf: «Denbora asko eskaini diot euskara ikasteari, komunikatzeko gai naiz, baina lan asko falta zait oraindik. Orain ikasteari utziko banio, gaur arteko bidea alferrikakoa izango litzateke».

Batzuetan, 'nik irakatsiko dizut' hura «oso serio pentsatu gabe» esan zuela aitortuz, Helena ere argi mintzo da: «Ikasi nahi zuela esan zidan, baina ez nuen uste hainbesteko dedikaziorik egongo zenik bere aldetik. Orain, nire helburu ere bilakatu da berak euskara ikastea». Datorren ikasturteko trukean ere izan dezagula aukerarik bretoi euskaldun berriaren hizkuntz aurrerapenak gertutik ezagutzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!