Euskararen Eguna 2015

«Euskara ezagutzea gauzarik politenetakoa izan da»

Iñigo Terradillos 2015ko abe. 3a, 12:03

Gaur estreinatuko den Iñigo Asensioren lanaren protagonistetako bat da Jose Miguel Ramirez kolonbiarra. Tolosan izan berri da.

Iragan urtean jatorriz euskaldunak diren eta munduko txoko desberdinetan bizi diren herritarren lekukotzak jaso zituen Iñigo Asensiok Euskara munduan izeneko dokumentalean. Iaz bezala, aurten ere Euskararen Egunean estreinatuko da lan horren bigarren zatia.

Kasu honetan, Euskara munduan, besteen ahotan lanean ere lurralde desberdinetan bizi diren euskal hiztunen lekukotzak jaso ditu tolosarrak, baina lehendabizikoarekin alderatuta, jatorriz euskaldunak izatea ez da izan euskarara gerturatzeko arrazoia.

Jose Miguel Ramirez, 35 urteko kolonbiarra da, ETB1-en gaur, 22:15ean estreinatuko den dokumentalaren protagonistetako bat. Tolosan izan berri da, eta euskara nahiz euskal kultura gogotik maite dituela kontatu du.

Zer moduzkoak izan dira gure eskualdean igaro dituzun egunak?
Oso gustura egon naiz. Nire asmoa Tolosan bizitzea zen, nire euskara praktikatzeko eta euskal kultura gertutik ezagutzeko.

Irakaslea zara lanbidez, ezta?
Kolonbian, ingelesa, portugesa, alemaniera eta atzerritarrentzat gaztelania ere irakasten dut.

Hizkuntza horiez gain, euskara ere menperatzen duzu.
Euskara aspalditik nire hizkuntzarik gogokoena da. Euskal Herrian pasa ditudan aste zoragarri horiei esker, gainera, konfiantza handia hartu dut hitz egiteko.

Nolatan hasi zinen euskara ikasten?
Kasualitatez, eta kasualitate hura inoiz gertatu zaidan gauzarik politenetakoa da. 1998. urtean, 18 urte nituela, Radio Exterior de España ari nintzen entzuten, eta bertan, albistegien tartean, hiru hizkuntza koofizialetan ari ziren hitz egiten, galizieraz, katalanez eta euskaraz. Galiziera ia guztia uler nezakeen, katalanez erdia ulertzen nuen, baina euskararen kasuan, ez nuen tutik ulertu, eta jakinmin handia piztu zitzaidan. Horrela hasi nintzen euskarari buruz eta euskal kulturari buruz ikertzen. Hasieran ez zegoen ia baliabiderik. Lehen Kolonbian euskal etxerik ere ez zegoen. Hasteko entziklopediak arakatzen hasi nintzen. Historiaz eta kulturaz ikasi nuen lehenbizi. Gero internetekin gramatika ikasten hasi nintzen, eta euskaldun jendearekin harremanetan jarri nintzen chat bidez. Era berean liburu asko irakurri ditut. Horrela joan nintzen pixkanaka euskara ikasten.

Internetek gauzak asko erraztu dizkizu.
Nabarmentzekoa da zuek aspalditik sarean presentzia handia duzuela, eta urte hauetan guztietan telebista euskaraz ikusi ahal izan dut eta irratia entzun ere bai.

Tolosan, Euskal Herrian igaro dituzun asteez zer gordetzen duzu?
Euskara hobetzeko balio izan dit eta lagunak egiteko. Eta, esan nahi dut, euskaldunez gainezka ekarri dudala bihotza. Bertan bizitako egunak zoragarriak izan dira. Tolosari dagokionez, zorte handia izan dut oso herri euskalduna delako, euskara oso bizirik dagoelako, eta duen euskararen kalitatearengatik. Euskaraz bizi ahal izateko aukera asko eskaintzen ditu, baina, zoritxarrez askok ez dituzte aprobetxatzen.

Euskararekin pasadizo ugari gertatuko zaizkizu, ezta?
Gertatu izan zait, tabernaren batera joan, ikusi tabernaria euskaraz ari dela bezeroekin, nik euskaraz agurtu, baina, hortik aurrera gaztelaniaz egitea, ez zutelako espero jakingo nuenik. Beraz, askotan esfortzua egin beharra izan dut euskaraz egiteko gai naizela erakusteko.

Euskararen Gaitasun Agiria lortzeko probetan ere izan zara.
Bai. Hiru probak egin ditut, eta lehendabiziko biak gaindituta, hirugarrenaren emaitzaren zain nago. Abenduaren erdialdera jakingo ditugu emaitzak.

Zerk piztu du zure arreta Euskal Herriko egonaldian?
Kulturari dagokionez, oso harrituta geratu naiz, Tolosaldean eta Gipuzkoa osoan ia egunero badelako zerbait. Ekitaldi ugari daude urte osoan. Tolosan badaude museoak, antzokiak... harrituta geratu naiz eskaintza horrekin.

Kolonbian euskal hiztunen komunitatea zenbat herritarrek osatzen dute?
Argentinarekin konparatuta oso txikia da. Aspaldi eratu zen euskal etxea Bogotan. Oteiza, esaterako, bertan bizi izan zen, eta bertako kide zen. Medellin hirian ere badago beste bat. Duela hamar urte Bogotara joan nintzen, euskal etxera, eta ezusteko handia hartu nuen inork euskaraz ez zekiela ikusi nuenean, euskaraz egiteko esperantzarekin joan bainintzen. Euskal etxeek historiari dagokionez lan handia egin dute, liburuak ere kaleratu dituzte, baina euskal hiztunen kasuan, gutxi egin da, hiztun gutxi direlako.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!