Ez da duda egiteko unea

M.Iraola 2015ko aza. 30a, 11:43

Tolosa Eskubaloiak berdindu egin du (23-23) Anaitasuna hirugarren sailkatuaren aurka.

Etengabean irabaztera ohitu gintuen denboraldi hasieran Tolosak. Eta badirudi azken bi asteotako emaitzek amildegia ikusarazten dutela. Baina ez, ez da duda egiteko unea.

Aurkariek ere jokatzen dute, eta batzuk ondo asko gainera. Hori demostratu zuen etzi Anaitasunak. Goi mailako neurketa izan zen Usabalen, igoera postuak eskuratzeko lehian bete-betean sartuta dauden bi taldeen artean. 

Uharteren aurka egindako akatsak zuzendu eta itxura ona emateko asmoz kantxaratu ziren tolosarrak. Baita egin ere. Defentsa eta atezainak bikain aritu ziren, erasoko jaurtiketen eraginkortasuna handitu zuten, eta jokalariek garaipen gosez jardun zuten.

Hirugarren sailkatuak, ordea, ez zituen gauzak erraz ipini, eta lehen zati berdindu baten ostean atsedenaldira aurretik iritsi ziren, 11-12. Tolosak bigarren zatiaren hasieran aurre hartzea lortu zuen, 14-13, baina ezin tarterik ireki. Berdintasunak azkenera arte iraun zuen. Azken baloi jabetza nafarrena izan zen, 23-23ko emaitzarekin. Jokalari bat gutxiagorekin defenditu behar izan zuen Tolosak, baina markagailua ez zen mugitu. Aipatzekoak Aritz Otegiren zazpi golak, eta Iker Ortizen seiak.

Datorren astean garaipenaren bidera itzultzeko aukera izango du Tolosak, larunbatean 19:30ean, Errenterian, Ereintza aurkari duela.

Bigarren taldeak ere berdinketa

Bigarren Nazional mailako taldeak 21-21 berdindu zuen Aloña Mendiren aurka. Pattal hasi zuen norgehiagoka talde tolosarrak, eta atsedenaldira 7-11 iritsi eta gero, bigarrenean eman zion buelta markagailuari. Irabazteko aukera ere izan zuten, azken jabetza izan baitzuten Tolosarrek, baina ez zuten gola sartzea lortu.

Abenduaren 13an jokatuko dute hurrengo partida, Hondarribian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!