Azken bertsoan aipatu nahi dut,
hemen ez dagona,
gure etxean bertsoa
txertatu zuen pertsona.
Ia-ia hitza baino lehen,
bertsoren bat zeriona:
erantzunean azkarra
eta kantari oso ona.
Nahiz ez dedan lortuko,
zuk lortu zenuen sona,
zuk hasi zendun bidea jarraituz
heldu naiz hona.
Bide hau hasteagatik
eskerrik asko aitona.
Duela lau urte, 2011ko azaroaren 27an, Tolosako Usabal kiroldegian bi urte lehenago hila zen aitona Joxeri eskaini zion agurreko bertsoa Beñat Lizasok. Lau urte beranduago, Tolosako Usabalen kantatuko du berriz azpeitiarrak.
2011ko final erdi horretara 1.200 bertsozale gerturatu ziren eta saioa, Jexux Mari Irazuk irabazi zuen. Zuzeneko txartela lortu zuen finalera. 1995etik Gipuzkoako finalean kantatu eta bi aldiz (1995ean eta 1999ko herriartekoan) txapeldun orde geratu ondoren, aurten Larraulgoak ez du Ilunben kantatuko.
Igandean Usabalen ia-ia errepikatu egingo da duela lau urteko taldea. Nerea Elustondok eta Unai Agirrek Tolosan kantatu zuten 2011ko finalaurreko hartan eta berriz igoko dira oholtza gainera datorren igandean. Elustondok ez du oraindik inoiz ezagutu finala, baina bai Agirrek. Langa pasatzea lortuko balu, segidan, hirugarren finala izango luke hernaniarrak.
Orain dela lau urte Tolosako finalaurreko hartan, Aitor Sarriegik kantatu zuen eta gero, Gipuzkoako txapeldun geratu zen. Igandean, berriz, Tolosan kantatuko du Beñat Gaztelumendik eta txapela lortzeko faboritotzat daukate askok. Ez zen alperrik finalista izan duela bi urteko Txapelketa Nagusian. BECen laugarren eginda dator Gipuzkoakora. Eta hain juxtu, duela lau urteko finalean laugarren egin zuen Iñaki Apalategi ere ariko da Tolosan, bigarrengoz Ilunben kantatzeko txartelaren bila.
Eta seikotea osatzeko gure eskualdeko ordezkaria: Oihana Iguaran. Ez dezala egin balantza, izan dezala bere buruarengan konfiantza, eskualdeko bertsozaleak ez baitu zalantza, Oihanak egingo duela gorantza. Badu TOLOSALDEKO ATARIA-ren alabantza.