Iratxe Retolaza: «Etxeparerengan ere bazeuden zenbait desira diskurtso»

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko aza. 26a, 09:48

Argazkia: Dani Blanco

Historiako gertakarien eskutik aldatu izan da literatura eta, beraz, literaturan sexualitateaz hitz egiteko moduak ere bai. Iratxe Retolaza literatur adituak (Donostia, 1977) horren inguruko gogoeta eskainiko du, astelehenean, jabetze eskolaren bidetik. Hitzordua 18:00etan izango da, Errotan.

Zein modutara hitz egin du, euskal literaturak, sexualitateaz?
Hiru ardatz hartuko ditut gaiaz aritzeko. Bata literaturaren funtzioari dagokiona da, euskal literaturak ez baitu funtzio bera izan historian. XVI. mendetik XX. mende erdira bitarte, adibidez, erakunde katolikoei edo elizari estuki lotuta egon da; euskal literatura sustatzeko gune nagusia izan da. Horrek eragin zuen, besteak beste, garai horretan erotismoaren eta desiraren inguruan egon zitezkeen diskurtso asko ez transmititzea. Izan dira batzuk, eta saioan aipatuko dut Etxeparerengan ere bazeudela zenbait desira diskurtso, gerora ikusezin bilakatu zituztenak.

Nola aldatu da funtzio hori?

1960ko hamarkadan abangoardia kulturala agertzen da, erresistentziarekin zerikusia duten diskurtso guztiei lotuta: Ez Dok Amairuren bidetik, hainbat hari sortzen dira. Literatura askapen mugimenduen akuilua ere badenez, nazio askapenarekin-eta lotuta, sexu askapenaren inguruko gaiak agertzen dira. 1970eko hamarkada bukaeran eta 1980ko hasieran, berriz, literatura erakundetu egiten da, eskola eta hainbat erakunde kultural eta politiko eraikitzen direlako. Hor, hizkuntza normalizatzeko ahaleginekin batera, bada ahalegin bat, larru-plazeraren inguruan hizkuntzaren altxorrak berreskuratzeko. Eta, noski, horrek sustatu egiten du desiraren inguruan literatur ekarpenak egitea.

Euskal literatura sexuaz aritzea ez da hain gauza berria, beraz.

Askotan zabaldu den ikuspegia da, beharbada, apenas egon dela erotismorik euskal literaturan, XX. mendearen erdira arteko zentsuren ondorioz. Dena den, XXI. mende hasieran, hainbat ahalegin egin dira diskurtso erotikoak ikusgarri egiteko. Desira-plazer antologia agertu zen, XX. mende erdialdetik XXI. mendera arteko poema erotikoak bilduz. Horrekin batera, Txalaparta argitaletxeak ere literatura erotikoaren saila abian jarri zuen. Beraz, plataforma literarioek diskurtso erotikoa mahai gainean jarri dute.

Poesiak ala nobelak, zerk hitz egiten du gehiago sexualitateaz?

Larruaren plazera askoz ere gehiago agertu da poesian, baina, badakigu, nobelagintza dela oihartzun handiena duen generoa. Poesian, intimitateari lotuago dagoenez, desiraren agertzea handia da. Nobelak, ordea, oso bide interesgarria jorratu du azken hamarkadetan. Itxaro Bordak Basilika argitaratu zuenez geroztik, adibidez, bere pertsonaiek oso begirada erotikoa dute. Eta, modu berean, azken hamar urteotan bada bide interesgarri bat nobelagintzan. Hainbat pertsonaiak beren esperientziak kontatzen dituzte, baina sexu identitatea garatzeko zailtasunak dituzte hizpide: identitate lesbikoak, gay identitateak eta sexualitatea, ez soilik desira sentitzeari lotuta, baizik eta desira hori gizartean garatzeko egon daitezkeen oztopoei begira. Gainera, hori Euskal Herrian kokatzen du Bordak, eta baita Juanjo Olasagarrek ere, Ezinezko maletak lanean: Sakanako pertsonaia bat Londresera joaten da, bere herrian bere sexualitatea askatasunez bizitzea ezinezkoa zaiolako; sexilio kontzeptua aurkezten du, nolabait.

Beraz, sexualitate eredu berriak proposatzen ari da euskal literatura?

Bai, uste dut azken hamarkadan ikaragarri aldatu dela, eta ez soilik pertsonaietan; diskurtso literarioan nabarmenak dira sexualitatea modu anitzean bizitzeko moduak. Esango nuke irakurtzeko moduan ere aldaketa etorri dela. Izan ere, erotismoari buruzko gauza asko iradoki egiten dira, eta iradokitzen den hori irakurleak gorpuzten du bere gisara. Beraz, diskurtso erotikoetan erabiltzen den anbiguotasuna aukera zabalagoetan interpretatzen da irakurleen partetik, testuak isiltzen digun hori ohiko ereduetara bildu beharrean.

Tabu bat izan al da horrelako gauzak idaztea eta irakurtzea?

Akaso, hitz egitea baino, nola hitz egiten den. Gizarte hipersexualizatuan bizi gara, eta sexualitateaz hitz egiteko modu batzuk hobeto ikusita daude, edo presentzia handiagoa dute. Lagun artean zirikan aritzeko badira lelo orokor batzuk. Baina, benetako esperientziez aritzeko esparru intimora jotzen dugunean, ez nuke esango jende guztiak askatasunez hitz egiten duenik. Garai batean, tabua baino gehiago, isiltasuna zegoen, besterik gabe, akaso beste gai batzuek lehentasuna zutelako. Momentu honetan, ordea, esango nuke sexualitatearen gaia kezka soziala dela, genero ikuspegiarekin eta askapenarekin lotuta.

Euskal literaturako sexualitatea nola ikusten dira feminismoaren betaurrekoetatik?

Ez da kasualitatea larruaren inguruko diskurtsoak emakumeen ahotsetatik eginak izatea. Kulturalki emakumea ahots poetikoaren–hitz egiten duenaren– objektu izan da, eta emakumea subjektu bilakatzen denean, bere gorputzaz aritzea behar du, bere gorputza bere kodeetara ekartzeko. Baina, Angel Errok, adibidez, asko hitz egiten du gorputzaz. Gay identitatetik ere gorputzaren konkista egin behar du, ezarri dioten gizon eredu horren aurrean bestelako kode batean jardun nahi duelako. Horrenbestez, sexualitatearen inguruan gogoeta egiten duten testu askok genero arauak iraultzeko asmoa dute atzean. Bestalde, Arantxa Urretabizkaiak, Zergatik panpox idatzi zuenean, pertsonaiak bere desirez eta bere gorputzaz hitz egiten zuen. Eta, hain justu nobela hori pertsonaia femenino baten ahotsetik gorpuztu ondoren, 1983an, Anjel Lertxundik emakumezko pertsonaia baten ahotsa erabili zuen, bere kezka nahiz desirekin. Beraz, emakumeek ekarpenak egin dituzten momentutik, gizon idazleentzat ere eredu batzuk sortu dira, erreferentziak.

Sexualitatea haur eta gazte literaturan ere jorratu daiteke. Euskal literatura nola dabil horretan?

Zintzoki esateko, ez dut begirada hori asko landu. Baina, bat-batean, esango nuke maitasunaren gaia ikaragarri jorratzen dela, betiko ereduetan. Ezkontzaz hitz egiten da, baina ez desiraz edo emozioez. Ez da laztanez eta muxuez hitz egiten, eta hori izan daiteke beraiek sexualitatea bizitzeko duten modua. Azken aldian, genero ikuspegia lantzeari begira, lan handia egin da hezkidetzari dagokionez, eta hor badaude sexualitatearen aniztasuna lantzeko hainbat narrazio. Baina, oro har, maitasuna erotismoa baino askoz ere gehiago lantzen dela esango nuke.

Grey-ren 50 itzalak azkenaldiko lan erotiko nabarmenena da, eta genero ikuspegitik hainbat kritika jaso ditu. Zuk zein iritzi duzu?

Josune Muñoz dabil horren inguruko lan serio bat eginez, kritika feministaren ikuspegitik. Bere hitzaldia entzunda, eta liburuaren zati batzuk irakurrita, uste dut liburu horretan sexualitatea oso menpeko egoera batetik jorratzen dela, bi pertsonaien arteko hitzarmena aipatzen den arren. Emakumea desira subjektu izan baino, momentu batean desira objektu dela dirudi, eta gertakizunek aurrera egin ahala, bada arrisku bat: pertsona askea da, ustez, sexu praktika asko egiten duelako. Hori hipersexualizazioarekin gertatu da, eta euskal literaturan ere horren inguruko kritika dezente agertzen da. Izan ere, badirudi emakume askea sexu praktikarako beti prest dagoena dela. Baina, sexu askatasuna sexualitatea askatasunez bizitzea da, eta ez edozein momentutan, edozeinekin beti prest egotea. Ez diot hori nobela horretan agertzen denik, baina sexualitatea botere harremanak saihestuz garatu behar da eta, nobela horretan, oso nabarmen, botere harremanak daude. Beraz, arriskutsua dela esango nuke, batez ere, sexu praktikak bestearen zerbitzura izatearen ikuspuntu horretatik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!